BIDASOAKO JOKALARIAK ESPAINIAKO JUNIOR SELEKZIOAREKIN
Nieto, Furundarena, Urruzola, Mujika eta Iribar urrian bilduko dira Espainiako Junior selekzioarekin bi lagunarteko jokatzeko
Bidasoa Irunek jakinarazi duenez, lehen taldeko Gorka Nietok, Eneko Furundarenak, Julen Urruzolak, Julen Mujikak eta Asier Iribarrek Espainiako Junior selekzioak jokatuko dituen bi lagunartekoetan parte hartzeko deia jaso dute aste honetan.
Rodrigo Reñones hautatzaileak deitu ditu talde irundarreko bost jokalari gazteak, eta hauek Junior selekzioarekin bilduko dira Granadan, urriaren 10ean ospatuko den kontzentrazioan. Izan ere, urriaren 13an eta 15ean Hispanoek bi lagunarteko jokatuko dituzte Egiptoko selekzioaren kontra. Lehenengoa Granadan bertan ospatuko da, Granadako Unibertsitate Pabiloian (18:30ean), eta bigarrena berriz Jaengo Olivo Arenan jokatuko da (17:30ean).
Nietok, Furundarenak, Urruzolak eta Mujikak Europako Txapelketa irabazi dute uda honetan selekzioarekin eta oraingoan, Asier Iribar gehituko zaie taldera. Azken hau Europako Txapelketarako aurre-hautakekan egon zen.