BIDASOAK URREZKO BI INTSIGNIA BANATUKO DITU ETA OMENALDI BEREZI BAT ESKEINIKO DU

2022/05/27
BIDASOAK URREZKO BI INTSIGNIA BANATUKO DITU ETA OMENALDI BEREZI BAT ESKEINIKO DU

Javier Sesma eta Jose Angel Sodupe presidente ohiek jasoko dute Bidasoak emandako bi intsigniak

Bidasoak, denboraldiko azken neurketarako prestatutako ekitaldien barruan, omenaldi batzuk ere eskeiniko ditu. Klubaren zuzendaritza batzordeak, igandean bertan, Javier Sesma Gonzalez eta Jose Angel Sodupe Aguirre presidente ohiei emango dizkie urrezko bi intsignia, Bidasoaren zuzendaritzapean hartutako ardura eskertzeko.

Javier Sesma klubeko presidentea izan den 1998tik 2002ra. Elgorriaga babesle nagusi izateari utzi zion lehen denboraldi horretan hartu zuen Sesmak ardura. Urte hartan, lehen maila zailtasunekin eustetik, Bidasoa EHF Kopako final baten atean geratzera igaro zen. Irundar presidentea, gainera, aintzindari izan zen eskualdeko eskubaloian eta Hondarribiako Eskubaloia taldearekin elkarlanean hasi zen, arrakasta handia lortuz harrobiko formakuntza eta goi-mailako kirolarien artean. Elkarlan hori orain dela hiru urte berreskuratu zuen Bidasoak.

Jose Angel Sodupek Sesmaren lekukoa hartu zuen eta 2018 urtera bitarte egon zen klubaren zuzendaritzan. Historian presidente lanetan denbora gehien egon den bigarren pertsona da. Sodupek emakumezkoen eskubaloian esku hartu zuen eta martxan paratu zuen gaur egun sendotzen eta hazten ari den taldea.

Fernando Boleari omenaldi berezia

Bi intsignia hauek banatzeaz gain, Bidasoak ere Fernando Bolea Alonso Europako txapeldunetako bat omenduko du. Bolea Zaragozako Corazonistas taldean hasi zen eskubaloian jokatzen eta, Michelin Valladoliden jokatu ondotik, Irunera iritsi zen 1990. urtean. Bertan, Errege Kopako txapeldun (1991), Asobal Kopako txapeldun (1993), Asobal Ligako txapeldun (1995) eta Europako Kopako txapeldun (1995) izan zen. Pilotes Posada taldean jokatu zuen gero, baita Alemaniako Hamelnen ere. Horren ondoren, Zaragozara bueltatu zen eta 2003an erretiroa hartu zuen. Entrenatzailea izatera igaro zen orduan eta Italian eta Guadalajaran egon eta gero, Bidasoara etorri zen taldea maila gorenera igotzea lortuz.

Azken asteetan, hainbat omenaldi jaso ditu Boleak eta Bidasoak ere bere errekonozimendua egin nahi dio igande honetan.