BIDASOAK URRATS HANDI BAT EMAN DU EUROPAKO TXAPELKETAN
Jacobo Cuetararen mutilek hamabi golengatik irabazi zuten HC Eurofarm Pelister-en aitzinean
Bidasoak urteko azken neurketa jokatu zuen atzo iluntzean Artalekun. EHF-ko Multzo Faseko bostgarren jardunaldia zen eta HC Eurofarm Pelister Ipar Mazedoniako taldearen kontra aritu ziren Jacobo Cuetararen mutilak. Markagailuan lehen abantaila txikiak hartuta, etxekoak hazi egin ziren eta azkenean, 32-20ko emaitzarekin eskuratu zuten garaipena.
Lehen minutuetatik aldea irekitzen hasi zen talde irundarra. Bi goleko abantailarekin oraindik, bisitarien entrenatzaileak hutsartea eskatu zuen neurketa eskutik ihes ez egiteko asmoarekin. Hala ere, ez zuen bere helburua lortu eta Bidasoak markagailua bere alde mantentzen jarraitu zuen, atsedenaldira zortzi goleko aldearekin iritsiz (20-12).
Bigarren zatian berriz, lehen zazpi minutuetan, gol bakarra ospatu ahal izan zen Artalekun eta Pelisterren aldekoa izan zen hori. Hala ere, partidaren norabidea ez zen aldatu eta bai erasoan, baita defentsan ere, egindako lanari esker, markagailuko abantaila hamabi golera zabaldu zuten Jacobo Cuetararen mutilek, 32-20ko emaitzarekin, Europako Txapelketako puntuak bereganatuz.
Garaipena berriz ere bueltan izan zen Artalekun eta Bidasoako jokalari eta teknikariek etxean urteari bukaera emateko modurik onena izan zela iritzi zuten. Irabazteaz gain, Xabier Landa atezain gaztearen debuta ere azpimarratzekoa izan zen, neurketaren azken minutuak jokatu baitzituen.
Honen ondotik, Bidasoak urteko azken bi neurketei aurre egin beharko dio datozen egunotan. Hasteko, larunbat honetan (abenduak 10) Angel Ximenez Puente Genil taldea bisitatu beharko du, 17:30ean, Plenitude ASOBAL Ligaren barrenean. Europako Txapelketa berriz, asteartean (abenduak 13) jokatuko da, 20:45ean, eta bertan izanen dira berriz ere aurrez aurre HC Eurofarm Pelister eta Bidasoa, oraingo honetan aurkariaren etxean.
(Argazkia: Eduardo Agreda)