Bidasoak Torrelavega garaitu zuen bidaiez beteriko astea borobilduz
Bidasoa Irunek Torrelavega garaitu zuen pasa den larunbatean, 30-34ko markagailuarekin. Denboraldi hasiera honetan jokatutako partidurik osoena izan zen talde horiarentzat eta, erasoan eta defentsan eraginkorrak izanda, bi puntuak poltsikoratu zituzten, sailkapeneko seigarren postuan kokatuz.
Asier Nietoren lehen golaren ondotik, Bidasoa nagusi izan zen hurrengo ordu betean. Markagailuan aitzinetik egon zen ia partidu guztian zehar. Atsedenaldira bidean, Alex Mozasen taldeak ez zuen sufritu eta hori lortu zuen sei goleko errentan ikusi ahal izan zen. Lehen zatia 12-18ko markagailuarekin bukatu zen bi taldeentzat eta neurketa ia erabakita utzi zuen honela talde horiak.
Bigarren zatian bide beretik joan zen Bidasoa. Aldea zortzi tantora eraman zuen eta hori mantendu ahal izan zuen azken hamar minutuak bitarte. Torrelavegak honi erantzun eta azken txanpan eman zuen bere onena aldeak murrizteko asmoz. Markagailuko hutsunea lau golera txikitzea lortu zuen, baina garaipenak ihes egin zion hala ere. Azkenik, 30-34ko markagailuarekin Bidasoarentzat izan zen garaipena, baita jardunaldiko bi puntuak ere.
Leo Maciel atezainaren lan ona ere azpimarratzekoa izan zen pasa den jardunaldian. Argentinarrak 17 geldiketa egin zituen eta horrek ere defentsan egindako lan onak argitara ematen du. Erakutsitako indar hori bera segidan atera beharko du berriz ere Bidasoak, oraingo honetan Errumanian, bertan jokatuko baitu bihar (urriaren 22an, 18:45ean) Europako Txapelketako hirugarren jardunaldia, CSM Constanta taldearen kontra. Asteburuan, Plenitude ASOBAL Liga Artalekura bueltatuko da, Frigorificos del Morrazo taldearen kontra jokatuko duten partiduarekin (urriaren 26an, 19:30ean).