BIDASOAK TATRAN PRESOV JASOKO DU ARTALEKUN

2022/02/14
BIDASOAK TATRAN PRESOV JASOKO DU ARTALEKUN

Bidasoak bihar EHF Ligako zazpigarren jardunaldia jokatuko du Tatran Presov taldearen aurka

Hitzorduz betetako otsaila honen erdialdera iritsi da Bidasoa, eta azken bi aste hauetan azterketa zailenak izango ditu kantxan. Horietako bat biharkoa izango da, izan ere, Tatran Presov talde eslobakiarra jaso behar dute irundarrek Artalekun. EHF Ligako zazpigarren jardunaldia izango da hau eta gaueko 20:45ean ospatuko da.

Jacobo Cuetara entrenatzaileak, gaur goizeko prentsaurrekoan aipatu duen moduan, “oso zaila izango da neurketa. Talde oso fisikoa da. Jokalari handiak, indartsuak eta azkarrak ditu. Gainera gu baldintzatuak egongo gara lehenengo taldeko bajengatik. Harrobiko gazteekin aritu behar gara eta ikusiko dugu ea fisikoki nola gauden eta ea lehiakorrak izaten saiatzen garen”. Izan ere, Jon Azkue eta Rodrigo Salinasek sufritzen dituzten lesioak direla eta, ezin izango dira epe luze batean kantxaratu eta beraz, biharko neurketan ere ezingo dira aritu.

Prestatzaileak biharko garaipenaren garrantzia ere azpimarratu nahi izan du: “Garaipen batekin sailkapena oso bideratua utziko genuke, eta oso zail utziko genieke beste taldeei sailkatzeko. Garaipena aurrerapauso izugarria izango litzateke”.

Hala ere, taldea gogotsu dagoela ere gaineratu du Cuetarak: “Hurrengo neurketaren gogoz gaude. Bajen gaia alde batera utzi eta partiduan egongo garen taldean pentsatu behar dugu. Gure erronka puntuak gehitzen joatea da eta Europako Txapelketarako sailkatzea. Horretarako, biharko jardunaldia oso garrantzitsua da”.