BIDASOAK SORTUTAKO APLIKAZIOAK 1.000 DESKARGA INGURU IZAN DITU
Klub irundarraren digitalizazio prozesuaren barrenean, bazkide txartela eta partiduetarako sarrerak mugikorrean edukitzea da helburuetako bat
Bidasoa Klubak, azken bi asteetan, sortu berri duen aplikazio birtualaren (app) aurkezpena egin du, eta dagoeneko 1.000 deskarga inguru izan ditu. Aplikazio honen helburu nagusia, klubeko bazkideek beraien txartela modu digitalean edukitzeko aukera da, baita neurketa bakoitzeko sarrerak bertan jasotzea ere. Hala ere, app-a deskargatzeko zailtasunak izan dituztenei txartel fisikoa eskaini zaie. Aukera hau ere, horrela nahiago duten bazkideei luzatu zaie. Gainera, klub irundarretik jakinarazi dutenez, aste hauetan digitalizaziorako aldaketa egin ezin izan zuten pertsonek azken partiduetarako sarrerak PDF formatuan jasoko dituzte oraindik.
Aplikazio berri honen helburua bazkide bakoitzak beraien mugikorrean txartela eta sarrerak edukitzea bada ere, beste irtenbiderik ez duten pertsonei Artalekura sartzea bermatuko zaiela ziurtatu dute Bidasoatik. Gainera, hurrengo urteko denboraldiari begira, nahi denak txartela fisikoa lortzeko aukera ere izango du, eta hau bateragarria izango da aplikazioa deskargatuta edukitzearekin.
Azken bi asteetan, Bidasoak aurrez aurreko arretako ordutegia aldatua zuen prozesu honetan laguntza behar zuten bazkideei artatzeko asmoarekin. Behin, kanpaina amaituta eta ehun bat bazkide lagundu ondoren, klubaren bulegoa ohiko ordutegira itzuliko da (9:00etatik 13:00etara eta 15:30etik 17:30era).