BIDASOAK MENDEAN HARTU ZUEN LOGROÑO

2022/04/03
BIDASOAK MENDEAN HARTU ZUEN LOGROÑO
Logroño-La Rioja 24
31 Bidasoa Irun

Irundarrak nagusi izan ziren eta zazpi goleko errentarekin irabazi zuten Logroñon

Bidasoak atzo jokatu zuen Logroñoren aurka denboraldiko 22. jardunaldia eta arrakastarekin amaitu zuen. Hasieran erakutsi zuten nagusitasuna, bukaerara arte mantendu ahal izan zuten eta azkenik, zazpi goleko aldearekin eskuratu zuten garaipena, 24-31ko markagailuarekin.

Partiduaren lehendabiziko minututik, irundarrak aurretik jarri ziren hiru goleko errenta ere lortuz zenbait momentutan (1-4, 2-5, 3-6). Hala ere, Logroñok honi erantzun eta hiru alditan jarri zuen markagailua bere alde. 15. minutuan, bi taldeak berdinduta zeuden 8-8koarekin. Hurrengo partzialetan gainera, beste bi berdinketa ere eskuratu zituzten irundarrek eta errioxarrek (20. minutuan, 11-11 eta 25. minutuan, 13-13). Atsedenaldia baino lehenagoko minutuetan ordea, Xoan Ledok atean egindako defentsa lanari esker eta Bidasoak lortu zuen 2-4ko partzialaren laguntzaz, 13-16ko markagailua ezarri zuten bigarren zatiaren hasierako.

Aldageletatik bueltan, bidasotarrek indarrez ekin zioten partiduaren beste erdiari. Lehenengo minutuetan, bost goleko errenta lortu zuten 14-19koa ipiniz. Eskuratutako abantaila hori mantendu zuten bisitariek hurrengo minutuetan, bost eta sei goleko hutsunea irekita bi taldeen artean. Logroñok orduan, norgehiagoka amaitzeko hamar minutu falta zirenean, berriz ere indarrez eraso eta errenta lau eta hiru goletara murriztea lortu zuen. Edonola ere, ez zen nahikoa izan eta Bidasoak berriz ere errenta handitu zuen, 60. minuturako 24-31koa eskuratuz.

Garaipen honekin, Bidasoak sailkapenean bi puntu batu eta Logroñorekin zuen aldea handitu du. Orain, hirugarren postuan jarraitzen badu ere, errioxarrek baino sei puntu gehiago dituzte irundarrek eta Granollers taldearekin 32ra berdinduta daude.

Fitxa teknikoa

24 - Logroño La Rioja (13+11). Pérez, Rivero (1), Casado (4, 1 p.), El Korchi, Rubiño (5, 2 p.), Serradilla (3), David Cadarso; Terçariol, Diocou (3, 2 p.), Rodríguez (1), Moreira, Almeida (5), Ortíz, Eduardo Cadarso (2), Kisselev, Goñi.

31 - Bidasoa Irun (16+15). Ledo, Ugarte (5), Zabala (3), Odriozola (7), Salinas (4, 1 p.), Fernández (2), Rodríguez (1); Sierra, Furundarena (1), Mujika (2), Aginagalde (4), Tesoriere, Francisco da Silva, Nieto (1), García (1).

Partzialak. 2-4, 5-6, 8-8, 11-11, 13-13, 13-16; 14-19, 16-22, 19-25, 22-26, 23-29, 24-31.

Epaileak. Oyarzun Aylagas eta Zaragüeta Ruiz. Logroño La Riojaren aldetik, txartel urdina erakutsi diote delegatuari, eta Eduardo Cadarso zigortu dute bi minutuz; Bidasoa Irunen aldetik, Francisco da Silva, Tesoriere (2) eta Fernández.

Bestelakorik. Sacyr ASOBAL Ligako 22. jardunaldia Logroñoko Palacio de los Deportes kiroldegian 1.200 bat zaleren aurrean, horietako ehun bat, Gipuzkoatik iritsiak.

(Argazkia: Juanjo Acobi)