BIDASOAK LEONEN UTZI ZITUEN PUNTUAK
Jacobo Cuetararen mutilek ezin izan zuten Ademar Leon garaitu eta 33-32ko markagailuarekin galdu zuten bertan
Bidasoa Irunek 33-32ko markagailuarekin galdu zuen pasa den igandean Ademar Leonen kontra. Bigarren zatian lortu zuen talde irundarrak bere lekua egitea eta neurketa bere alde ere jarri zuen, baina azkenean Leongo taldeak ez zuen amore eman eta garaipena etxean gelditzea lortu zuen. Sailkapeneko bigarren postuan kokatua dago oraindik Bidasoa, Granollers baino hiru puntu gehiagorekin, baina partiduak irabazten segitu beharko du.
Lehen zatian indartsu hasi zen Ademar Leon bere etxeko kantxan. Hogeigarren minutua ailegatu aitzinetik, Leongoek sei goleko errenta zuten markagailuan (12-6) eta Jacobo Cuetarak bere bigarren hutsartea eskatu zuen Bidasoarentzat. Tarte hau hartuta, bisitariak indarberritu eta hiru golera murriztu zuten hutsunea eta atsedenaldira 18-15ko markagailuarekin joan ziren bi taldeak.
Bigarren zatian, Bidasoak nagusitasuna lortu zuen kantxan. 20nako berdinketa lortu zuen Jacobo Cuetararen taldeak eta emaitza ere irauli zuen (24-27, 45. minutuan). Hala ere, markagailua honek ez zuen gehiegi iraun. Etxekoek ongi aprobetxatu zituzten Bidasoak erasoan egindako akatsak eta, berriz ere, beraien alde jarri zuten partidua. Horrela, gol bakarrarengatik, 33-32ko markagailuarekin bukatu zen neurketa Ademar Leonen alde.
Bi puntuak Leonen utzita, etxean batu beharko ditu Bidasoak hurrengo jardunaldian. Heldu den ortziralean, apirilaren 26an, Frigoríficos Morrazo taldea jasoko du Artalekun Jacobo Cuetararen taldeak, 20:00etan.
(Argazkia: Pablo Riega)