BIDASOAK KOLSTAD HÅNBALL TALDEAREN AURKA JOKATU BEHARKO DU
Norvegiako taldea Bidasoaren aurkaria izanen da hilaren 27an jokatuko den EHF European Leagueko Bigarren Kanporaketan
Bidasoa Iruni Kolstad Håndball taldearen aurka jokatzea egokitu zaio EHF European Leagueko Bigarren Kanporaketan. Atzo ospatu zuen EHF-k neurketen zozketa eta horren arabera, Bidasoak Norvegiako taldearen aurka jokatuko du. Bigarren Kanporaketa honen joaneko partida Artalekun ospatuko da, irailaren 27an, eta itzulikoa berriz, Trondheimen (Norvegia), urriaren 4an.
Kolstad Håndball iazko Ligako laugarren sailkatua da eta bere entrenatzailea Norvegiako hautatzaile ohia da, Christian Berge. Jacobo Cuetarak aipatu zuen moduan, “taldeak inbertsio ekonomiko handia egin du etorkizunerako”, eta horren adibide dira aurten egin dituzten fitxaketak. Hain zuzen ere, GOG taldeko Torbjørn Bergerud atezain ohia eta Magnus Gullerud, Arnór Smárason eta Sigvaldi Guاjónssonen jokalariak fitxatu ditu eta honek Bidasoarentzat “arerio zaila” izatea ekarriko du, Cuetararen hitzetan.
Edonola ere, Bidasoako bi entrenatzaileek Bigarren Kanporaketa honi “ilusioarekin” aurre egingo diotela jakinarazi zuten. “Multzo Fasea jokatu nahi dugu eta esperientzia hori bizi. Horretarako, fase hau gainditu behar dugu. Prestaketak egingo ditugu eta ahal dugun onena egingo dugu”, adierazi zuen Borja Burguete bigarren entrenatzaileak.