Txingudi Rugby Kluba Lekarozen egonen da asteburuan
Txingudi Rugby Taldeko Euskal Ligetako taldeek urriaren 5ean hasiko dute 2024/25 denboraldia. Hala ere, dagoeneko hilabete bat daramate lanean, aurredenboraldia prestatzen, eta oraindik ere azken hitzordua ospatuko dute asteburu honetan. Izan ere, urtero bezala, Irungo kluba Baztanen izanen da, Lekarozen, bertako taldeen kontra azken lagunartekoak jokatzen.
14 urtez azpiko taldeak irekiko du larunbateko, irailaren 28ko, egitaraua. Bera Bera eta La Unicaren kontra partidu erdiak jokatuko dituzte, 12:00etatik aitzinera. Ondotik, 16 urtez azpiko taldea Donostiako taldearen kontra ariko da. Arratsaldean berriz, Zaisa Txingudik segida emanen dio egunari, 16:00etan, Iruña eta La Unica Bren kontra jokatuko baitute txapelketa triangularra. Programa guztia, igandean bukatuko da, 18 urtez azpikoak irailaren 29an Zarautz/Beltza taldearen kontra arituko baitira, 10:30etik aitzinera.
Emakume Rugby Eguna arrakastatsua
Biok Txingudi taldeak ez du asteburu honetan lagunartekorik jokatuko, baina Baztanen izanen da, bertze taldeekin batera, bertan ospatuko diren partidu eta jarduerak gidatzen. Horrez gain, hauek pasa den asteburuan eman zioten bukaera aurredenboraldiari, Plaiaundin egindako Emakume Rugby Egunarekin.
Jardunaldi arrakastatsua izan zen pasa den larunbatekoa. Bera Bera/Ordizia taldearen kontra jokatu zuten azken lagunartekoa, eta 5-24ko markagailuarekin galdu zuten etxekoek. Irundarren entsegu bakarra, Alazne Maciciorrek egin zuen eta aurredenboraldian prestatutako guztia ongi landua dagoela erakutsi zuten bertan. Egunak, gainera, bertze puntu positiboak ere izan zituen. Izan ere, goizean antolatutako jardueretan 40 bat neskek hartu zuten parte, tartean senior taldeko jokalariak, harrobiko jokalariak eta hauen lagun eta hurbilekoak zeudelarik. Biok Experiential Shoppingek ere opariak banatu zizkieten bertaratutako guztiei eta bazkaria batekin borobildu zuten egun handia.