Txingudi Korrikaren 25. edizioa ospatuko dute urriaren 6an

2024/09/27
Aurtengo berrikuntza nagusia, igandearekin ospatuko dela izanen da eta lasterketak Gipuzkoako 10K-ko Txapelketa hartuko duela.
Txingudi Korrikaren 25. edizioa ospatuko dute urriaren 6an

Txingudi Korrikaren 25. edizioa ospatuko da heldu den urriaren 6an, igandean. Bidasoa Atletiko Taldeak antolatuta, Gipuzkoako 10K-ko Txapelketa ere izanen da eta, betiko moduan, Hendaian hasi, Irun zeharkatu eta Hondarribian bukatuko da lasterketa ezaguna.

Aurtengoa Txingudi Korrikaren edizio berezia izanen da, 25 urte beteko baititu Bidasoa Atletiko Taldeak antolatutako eskualdeko lasterketa ezagunenetakoak. Urriaren 6an ospatuko da, igandean, 10:00etan hasita eta hori izanen da aldaketa nagusietako bat. Orain arte larunbat arratsaldez egin dute lasterketa, baina lasterkarien nahiak adituz, aldatzea erabaki dute, “eguerdiko beroa sahiestuz honela, eta korrikalariek laster egiteko beharrezko baldintza guztiak betetzeko”, Ibon Muñoz BATeko ordezkariak aipatu zuenez.

Gipuzkoako 10K-ko Txapelketa ere izanen da aurten Txingudi Korrika eta betiko ibilbide bera osatu beharko dute partehartzaileek. Hendaian hasiko da lasterketa, Urpean elkarteko egoitzaren parean, eta Hondarribian bukatuko da, Hondartza kiroldegiko atletismo pistan. Tartean, Irun ere zeharkatuko dute korrikalariek, Santiago zubitik sartuta eta Iparralde kalea, Kolon Pasealekua eta Hondarribia kalea pasatuz. Anoa gunea ere Irunen kokatuko dute, ibilbidearen erdian, Kolon Pasealekuan markatuta egonen den bostgarren kilometroan hain zuzen ere. Helmugan ere jatekoa eta edatekoa jasoko dute partehartzaileek.

Momentuz, 425 korrikalarik eman dute izena lasterketan eta egunean berean 600 batek irteera hartzea espero dute. Izen emateak soilik online egin daitezke, urriaren 4a arte, kirolprobak.com webgunean. Dortsalak berriz, urriaren 4tik 6ra bildu ahal izanen dira, Palmera Montero guneko bostgarren gelan. Ortziral eta larunbatean arratsaldez, eta igandean berriz, goizez, irteeran bertan.

Sariak ere egonen dira emakume eta gizonezko lehen bost onenentzat, baita Hendaiako, Hondarribiako eta Irungo lehen emakume eta gizonezkoentzat ere. Gainera, 100 euroko sari berezi bat egonen da probaren errekorra hausten duen lasterkariarentzat. Orain arteko errekorrak etxeko korrikalariek dituzte: Sara Villasantek (35:41) eta Unai Arroyok (30:52).

Txingudi Korrika Txiki

Txingudi Korrikaren 25. urteurrenaren aitzinetik, gurbildun aulkian edo handkibean parte hartzen duten korrikalariek hartuko dute irteera. Horrez gain, eskualdeko ttikienek lasterketan ateratzeko aukera ere izanen dute. Hauek urriaren 5ean ospatuko dute lasterketa Irunen, Stadium Galeko inguruetan. Proba ez lehiakorra izanen da, gaztetxoek kirola praktikatzea sustatzeko helburua baitu, eta 200 bat korrikalarik partehartzea espero dute.

Txingudi Korrikaren 25. urteurreneko ekitaldiak

Txingudi Korrika 25 urte beteko dituela ospatzeko, BATek ekitaldi berezi bat antolatu du lasterketaren aitzineko egunean. Urriaren 5ean, 18:30ean, Hondarribiko udaletxeko pelno aretoan, orain arte lasterketa irabazi duten korrikalari guztiak bilduko dituzte. Lehenik ekitaldiaren aurkezpena eginen da eta ondotik, Txingudi Korrikaren historia biltzen dituen argazkariak eta bideoak proiektatuko dituzte bertan. Bukatzeko, sari banaketa bat ere eginen dute lasterketa irabazi duten korrikalarientzat, baita proba babestu duten laguntzaile guztientzat ere. 19:30ak aldera emanen diote bukaera ekitaldiari eta luntx bat eginen dute ondotik, Klink elkartean.