Beti Gazteko gizonezkoek denboraldiko lehen garaipena erdietsi dute
Gipuzkoako Ligan ari den gizonezkoen Ohorezko Erregional mailako Beti Gaztek denboraldiko lehen garaipena erdietsi zuen pasa den ortziralean (irailak 20), Mastegin, Urolaren kontra. 2-1eko markagailuarekin, lehen hiru puntuak osorik batu zituzten lesakarrek etxean.
Lehen zatia nahiko parekatua egon zen bi taldeen aldetik, nahiz eta Beti Gaztek zerbait gehiago agindu. Horrez gain, atsedenaldira joan baino lehen, Urolako jokalari batek txartel gorria jaso zuen eta etxekoen alde jarri zen neurketa. Bigarren zatia hutsera berdinduta hasi zuten, baina berehala aitzina hartu zuen aurkariak. Edonola ere, lesakarrek ez zuten amore eman eta segidan lortu zuten berdinketa, Asier Tabernak sartutako golari esker. Hori gutti balitz, bortz minutu beranduago, bigarrena ere lortu zuen Beti Gaztek eta horrela, 2-1eko behin-betiko emaitza lortu zuen. Hiru puntuak batuta, “kontent eta ongi” gelditu ziren lesakarra, Javier Escagües entrenatzaileak aipatu bezala.
Klub eta maila bereko emakumeek galdu Urolaren kontra
Emakumeen Ohorezko Erregional mailako Beti Gaztek berriz, galtzen hasi zuen 2024/25ko denboraldia. Pasa den ortziralean ere, eta aurkari beraren kontra, Urolaren kontra, lehen jardunaldia jokatu zuten lesakarrek. 5-3ko markagailuarekin galdu zuten eta ezin izan zuten punturik batu. Edonola ere, Liga hasi bertzerik ez dute egin eta poliki-poliki taldea egonkortzen joanen denaren sentsazioa dute.