BIDASOAK HC EUROFARM PELISTER JASOKO DU BIHAR ARTALEKUN

2022/12/05
BIDASOAK HC EUROFARM PELISTER JASOKO DU BIHAR ARTALEKUN

EHFko Multzo Faseko bostgarren jardunaldia izanen da biharko, baita Artalekun jokatuko den urteko azken partidua ere

Bidasoa Irunek EHFko Multzo Faseko bostgarren jardunaldia jokatuko du bihar etxean, HC Eurofarm Pelister-ren kontra. Mazedoniako taldea Irunera etorriko da partidu erabakigarri bat jokatzera, gaueko 20:45ean.

Jacobo Cuetararen mutilek indarrez ekinen diote bihar neurketari, Huescaren kontra garaipena eskuratu ondotik. Entrenatzaileak berak onartu duenez, “irabazi eta gero bertze animoak edukitzen dira, sentsazio onak, eta hori oso positiboa izan da guretzat”. Indarberrituta beraz, Bidasoak bertze partidu garrantzitsu bati egin beharko diote aurre, izan ere, biharko EHFko jardunaldian, “hurrengo fasera sailkatzeko oso garrantzitsua izanen den norgehiagoka” jokatuko dute Pelisterren kontra.

Mazedoniako taldearen inguruan, “kalitate handiko jokalariak” dituela aipatu du bidasotarren entrenatzaileak. “Esperientzia handiko jokalariak eta etorkizuneko gazteak” dituztela ere jakinarazi du. Gainera, euren defentsako lana goraipatu du: “Taldeak zailtasunean jartzen du aurkaria defentsan eta erasoan ere desorekak sortzen dituzte indibidualki jokatzen ari direnean. Zaila izanen da dena defendatzea”.

Azkenik, Borja Burguete bigarren entrenatzaileak “neurketa parekatua” izanen dela aurreratu du eta horri aurre egin beharko diote Bidasoako jokalariek, Jakub Skrzyniarz gabe sukarrarekin baitago. Norgehiagoka bihar jokatuko da Artalekun, iluntzeko 20:45ean.

(Argazkia: Arrate Morales)