Bidasoak hamabi golengatik irabazi zion Constantas talde errumaniarrari
Bidasoa Irunek hamabi golengatik irabazi zion atzo arratsean, Artalekun, Constantas talde errumaniarrari (37-25). EHF European Leagueko Multzo Faseko sailkapenean bi puntu gehiago batu zituen honela, eta aurkari berari golavejarean gaindituta, bere multzoko lider bilakatu da Alex Mozasen taldea, Ystads taldearekin puntuetan berdinduta.
Neurketa guztian zehar nagusi izan zen Bidasoa, 1.384 zaleren aitzinean. Hasiera parekatu baten ondotik, lehen zati bikaina egin zuten etxekoek, defentsan zein erasoan indar fisiko handia erakutsiz. Hasierako minutuetan, 4-0eko partziala lortuta, partidua hautsi zuen Alex Mozasen taldeak eta zortzi goleko tartea ere lortu zuen, Macielek berak sartutako tanto bati esker. Errenta beretsua mantenduz, zazpi goleko aldearekin ailegatu ziren horiak atsedenaldira, 20-13ko markagailuarekin.
Bigarren zatia ere bide beretik joan zen. Aldeak handituz joan ziren bi taldeen artean eta hamalau tantoko abantaila ere lortu zuen Bidasoak (33-19, 49. minutuan). Azken minutuan lasaiagoak izan ziren, etxekoek poltsikoan zituztelako bi golak, baita golaverajea ere, eta presiorik gabe jokatzen jakin zuten, zaleak ere gozaraziz. Azkenik, 37-25eko markagailuarekin bukatu zen neurketa eta EHF European Leagueko Multzo Faseko bere taldeko lider bilakatu da Bidasoa, 5 punturekin eta Ystads taldearekin berdinduta.
Honen ondotik, igandean (azaroaren 3an), Bidasoak Viveros Herol BM Nava taldea bisitatuko du, Plenitude ASOBAL Ligako partidua jokatzeko (12:30). Hau bukatuta, bi asteko atsedenaldia izanen dute jokalariek, selekzioen arteko geldialdiak behartuta. Azaroaren 15ean (ortzirala) bueltatuko da berriz ere eskubaloia Artalekura, Bidasoa eta Impulde BM Guadalajararen arteko neurketarekin (20:00).
Asier Nieto jokalariak egin zuen partiduaren balorazioa.