BIDASOAK HAMABI GOLEKO ALDEAREKIN GARAITU ZUEN LOGROÑO
Talde irundarrak ASOBAL Ligako neurketa batean sartutako golen errekorra ere hautsi zuen
Bidasoak bertze bi puntu batu zituen Plenitude ASOBAL Ligako sailkapenera. Logroñoren kontrako partidua 41-29ko markagailu zabalarekin irabazi zuen Jacobo Cuetararen taldeak eta honekin, bere helburutik hurbilago daude irundarrak.
Jacobo Cuetararen mutilak indarrez hasi zuten atzo arratsaldeko neurketa. Logroño izan zuten aitzinean Artalekun, eta lehen bortz minutuetan, hiru goleko aldea lortu zuten irundarrek. Aurkaria alde hau murrizten saiatu zen, baina ez zuen emaitza berdintzerik izan. Etxekoek, hau aprobetxatuta, errenta handitzen segitu zuten eta atsedenaldira sei goleko abantailarekin iritsi ziren, 21-15koarekin hain zuzen ere.
Bigarren zatia bide beretsutik joan zen. Bi taldeen arteko aldea nabariagoa izan zen eta Bidasoak bederatzi goleko tartea ireki zuen markagailuan. Golak sartzen jarraitu zuen talde irundarrak eta ordu osoa bukatuta, 41-29ko emaitza lortu zuen, lehen itzuliko partiduko emaitza aldearekin iraulita. Honez gain, Jacobo Cuetararen taldeak ASOBAL Ligako neurketa batean sartutako golen errekorra ere hautsi zuen (1996/97ko denboraldiak Teucroren kontra 40 gol sartu zituen).
Honen ondotik, indarberrituta ekinen dio Bidasoak asteazkeneko hitzorduari. Izan ere, apirilaren 5ean, irundarrek Anaitasunaren kontrako derbia jokatuko dute Iruñean, 21:30ean. Honen ondotik, larunbatean etxean jasoko dute berriz ere Cisne taldea (17:00).
(Argazkia: Arrate Morales)