BIDASOAK GUADALAJARA BISITATUKO DU BIHAR
Plenitude ASOBAL Ligan puntuak batzen segitzea izanen da irundarren biharko helburua
Bidasoak, Sporting Club de Portugal taldearen kontra irabazi ondotik, asteburu honetan Guadalajara bisitatu beharko du. Bihar jokatuko dute Plenitude ASOBAL Ligako neurketa hau, 17:30ean. Jacobo Cuetarak berak aipatu duenez, puntuak batzea izanen da biharko helburua nagusia, ASOBAL Liga baita bidasotarrentzat txapelketarik garrantzitsuena.
Bidasoa pozik dago azken aldian eman duen mailarekin. “Maila oneko partidu batzuk jokatzetik gatoz, errendimentu onarekin eta pozik”, dio Jacobo Cuetarak. “Momentu onean” daudela ere gaineratu du eta hori kantxetan erakusten segitu behar dutela.
Guadalajara “asko ematen ari den taldea” dela azpimarratu du entrenatzaileak, eta euren kantxan ere “ongi jokatzen” dutela. Horri guztiari, denboraldiaren azken herenean daudela gaineratu behar zaio. Momentu zaila da eta “talde guztiak arriskutsuak dira” orain. Denen helburua bertzeekiko aldeak sortzea izaten da eta Bidasoak ere hori nahiko du bihar: “Aldeak ireki behar ditugu aurkariekin eta momentu onean gaude hori lortzeko”.
Irundarrentzat ASOBAL Liga Europa baino garrantzitsuagoa dela ere erran du Cuetarak, eta horri begira jokatuko dute bihar ere, Ligako helburuak lortzeari alegia. Horrela, “partidu bukaeran bi puntuak gureganatzea” izanen da Bidasoaren intentzioa eta horretarako ahalik eta maila onena ematen saiatuko dira Guadalajaran.
(Argazkia: Arrate Morales)