BIDASOAK GOG TALDE DANIARRA JASOKO DU ARTALEKUN

2022/03/28
BIDASOAK GOG TALDE DANIARRA JASOKO DU ARTALEKUN

EHF Ligako Last 16 kanporaketa jokatuko dute bihar Artalekun Bidasoak eta GOG daniarrak

Bidasoak bihar jokatuko du EHF Ligako Last 16 kanporaketa GOG talde daniarraren aurka. Joaneko neurketa izango da hau eta Artalekun ospatuko da, gaueko 20:45ean. Itzulerako partida berriz, apirilaren 5ean jokatuko dute.

GOG Danimarkako ligako liderra eta Jacobo Cuetara entrenatzaileak aipatu duen moduan, “Champions mailako taldea da”. “Kontraeraso asko eta erritmo handiarekin”jokatzen duela ere azaldu du Cuetarak, eta horregatik beragatik, Bidasoarentzat ez da erraza izango biharko neurketa. Hala ere, irundarrek argi dute beraien baloreak erakutsi beharko dituztela kantxan beste behin: “Gure nortasuna erakutsi behar dugu, gugan konfidantza eduki eta aurkariari jokoa zaildu”.

Bidasoako prestatzailea gehien kezkatzen duena “maila ematea eta urduritasuna kontrolatzea” da. Bere ustez garrantzitsua da “neurketari egokitzea, baina beti ere gure nortasunetik”. Talde irundarrak txapelketa honetan ahalik eta urrutien iristeko borrokatuko du eta horretarako “ilusioz eta motibatuta” daudela ere onartu du Cuetarak. Kanporaketa honetan egotea pausu handia baita dagoeneko, eta horregatik “oso pozik” daudela ere azpimarratu du.

Kamisetak salgai taldea babesteko

Bidasoa Klubak biharko neurketarako kamiseta bereziak prestatu ditu. “Irundik Europara” leloarekin, kamiseta horiak eta urdinak jarri dituzte eskuragarri. Bazkideek 10 euroan eros ditzakete, eta bazkide ez direnek berriz, 12 euroan. Dagoeneko salgai daude klubaren bulegoan, jendaurreko ordutegian (11:00etatik 13:30era eta 15:30etik 17:30era). Gainera, nahi duen guztiak bihar ere erosteko aukera izango du, partiduaren aurretik Artalekun bertan jartzen duten dendan. Ekimen hau zaleek taldea babes dezaten egin dute, biharko hitzordu garrantzitsuan jokalariak animatu eta laguntzeko asmoz.