Bidasoak Glogow bisitatuko du hurrengo faserako txartela ziurtatzeko helburuarekin
Bidasoa Irunek EHF European Leagueko jardunaldi berri bat jokatuko du bihar, azaroaren 19an, Chrobry Glogow talde poloniarraren kontra (20:45). Plenitude ASOBAL Ligako azken garaipenaren ondotik, taldea gogoz dago Europan ere aurrera pausu bat emateko.
Alex Mozasen taldearentzat garrantzitsua izanen da biharko neurketan garaipena eskuratzea. Suediarren kontrako garaipenak ere urrezko puntuak eman zizkien bidasotarrei, hurrengo faseari begira. Hala ere, entrenatzaileak berak aipatu duenez, hurrengo fasera sailkatuko direla nahiko ziurra bada ere, “hobe da bertze garaipen bat eskuratzea eta sailkapena poltsikoratzea”.
Artalekun, Glogow-ren kontra jokatutako partiduan, 33ra berdindu zuten bi taldeek eta Asier Nietok onartu duenez ere, “partidu oso zaila izango da”. Aurkariak ere garaipena beharrezkoa du, neurketa hau bere azken aukera baita hurrengo fasera pasatzeko ere. Bidasoa “erregularra izan” behar dela argi dio Nietok eta “defentsan sendo” egon behar direla. “Partzialak kontran izango ditugu, baina burua hotz mantendu behar dugu eta konfiantza eduki”, gaineratu du.