BIDASOAK GAUR JOKATUKO DU VALLADOLIDEN

2022/02/24
BIDASOAK GAUR JOKATUKO DU VALLADOLIDEN

Bidasoak gaur emango dio amaiera lehenengo itzuliari, Recoletas Atletico Valladoliden aurka jokatuko duen neurketarekin

Jacobo Cuetararen mutilek Berlinetik Madrilera eta Madriletik Valladolidera bidaiatu zuten atzo. Izan ere, gaur jokatuko dute lehenengo itzulian bertan behera gelditu zen Recoletas Atletico Valladolid taldearen aurkako partidua. Honekin, lehenengo itzuliari amaiera emango diote, eta otsaileko hilabete zoro honi ere bukaera ematen hasiko dira.

Entrenatzaileak atzo aipatu zuen moduan, “zenbait helburu lortu ditugu hilabete honetan jada: Errege Kopako final zortzirenetan egotea, EHF Ligako final zortzirenetarako sailkatzea bi neurketen faltan eta Asobal Koparako ere sailkatzea jokatzeko neurketa bat falta zaigunean. Oso pozik gaude helburu hauek lortzeagatik eta eskubaloiaren momentu onenetan egoteagatik. Gainera, Europan hamasei talde onenen artean kokatuak gaude”.

Gaurko neurketaren inguruan, Cuetarak etxeko taldea indarrez kantxaratuko dela aurreikusi zuen: “Valladoliden jokatu ditugun partidu guztietan oso parekatuak egon gara. Beraiek egoera zail batean daude, jeitsiera postuetan kokatuak daudelako, eta beraz, gure aurka duten neurketari intentsitate handiarekin egingo diote aurre. Izan ere, beraientzat aukera bat da etxean arituko direlako eta guk baja garrantzitsuak ditugulako, bidaiak izan ditugulako, eta horregatik nekatuak egon gaitezkeelako”.

Hala ere, Bidasoak norgehiagoka honi ilusio handiz ekingo diola ere onartu zuen: “Ilusio handiz egingo diogu aurre neurketari. Oso garrantzitsuak dira kanpoan jokatzen ditugun partiduak. Zaila da Asobal Ligan puntuak eskuratzea eta gure onena emango dugu puntuak Irunera eramateko”.

Horrela, ilusioz eta indarrez, kantxaratuko dira bidasotarrak gaur arratsaldeko 20:30ean, Valladolideko pabiloian, Recoletas Atletico Valladoliden aurka, Sacyr Asobal Ligako lehenengo itzuliko 13. jardunaldia jokatzeko asmoarekin.

(Argazkia: Edu Agreda)