BIDASOAK GARAIPENAREKIN HASI DU MULTZO FASEKO IBILBIDEA

2022/10/26
BIDASOAK GARAIPENAREKIN HASI DU MULTZO FASEKO IBILBIDEA
Bidasoa Irun 35
26 Aguas Santas Milaneza

Talde irundarrak 35-26ko markagailuarekin garaitu zuen Aguas Santas Milaneza taldea

Bidasoa Irunek hasiera eman zion atzo EHF-ko Multzo Faseko ibilbideari Artalekun. Hamar jardunalditik lehendabizikoa jokatu zuen Portugalgo Aguas Santas Milaneza taldearen kontra eta arrakastarekin bukatu zuen gaua. Izan ere, bederatzi goleko aldearekin irabazi zion aurkariari, 35-26ko markagailuarekin hain zuzen ere.

1.424 zaleen aitzinean, Bidasoak erakustaldia eman zuen atzo gaueko neurketan. Hasierako minutuetan kosta egin zitzaion taldeari partiduan sartzea eta Aguas Santasen indarrari erantzutea. Hala ere, Mihajlo Mitic-ek sartutako lehen golari esker, etxeko taldea aurretik jarri zen neurketa bukaerara arte. Lehen zatian bost goleko errenta ere lortu zuen talde irundarrak, baina atsedenaldirako hirura murriztu zuten aldea portugaldarrek, 16-13koa ezarriz.

Bigarren zatian bidasotarrek beraien maila onena eman zuten kantxan. Lehenengo bost minutuetan bost goleko tartea ireki zuten eta hori zabaltzen joan ziren bertze 25 minutuetan ere. Asier Nieto izan zen bigarren zatiko goleatzaile nagusia eta, Skrzyniarz-ek atean egindako lanarekin batera, hamar goleko aldea eskuratu zuen Bidasoak partiduaren 59. minuturako. Hala ere, azken segunduetan, Aguas Santasek gola sartu eta markagailua 35-26 utzi zuten.

Victor Rodriguez, Rodrigo Salinas eta Ander Ugarte gabe, Bidasoak indarra erakutsi zuen EHF-ko Multzo Faseko lehen jardunaldian eta, garaipen zabalarekin, hasiera ezin hobea eman zioten txapelketaren zati honi. Orain, sasoi berarekin Ligari jarraipena eman beharko dio taldeak. Hain zuzen ere, larunbat honetan (urriak 29) jokatuko dute hurrengo neurketa, Artalekun baita ere, eta bertan jaso beharko dute Anaitasuna, derbi ikusgarria jokatzeko. Neurketa arratsaldeko 19:00etan ospatuko da.

(Argazkia: Edu Agreda)