BIDASOAK GARAIPENAREKIN BUKATU DU EHF-KO MULTZO FASEA

2023/03/01
BIDASOAK GARAIPENAREKIN BUKATU DU EHF-KO MULTZO FASEA
Bidasoa Irun 29
26 Aarhus Skandenborg Håndbol

Jacobo Cuetararen mutilek 29-26ko markagailuarekin garaitu zuten Aarhus Skandenborg talde daniarra

Bidasoak garaipenarekin bukatu zuen atzo gauean EHFko Multzo Fasea. Aarhus Skandenborg Håndbol taldeari 29-26ko markagailuarekin irabazi zion eta, honenbertzez, bederatzi puntu batu ditu guztira fase honetako sailkapenean. Lehengo urteko zazpiak gaindituta, eta hirugarren postuan, datorren martxoaren 21ean emanen dio hasiera Last 16 faseari Artalekun, Lisboako Sporting Clube de Portugal taldearen kontra.

Neurketa ezinhobe hasi zuen Bidasoak atzo Artalekun. Lehen bost minutuetan 4-0eko markagailua erdietsi zuen, Skrzyniarzek egindako geldiketei esker, eta erasoan Asier Nietok, Pedro Pachecok, Mihajlo Miticek eta Julen Aginagaldek egindako lanari esker ere. Aarhusek markagailua haustea lortu zuen hurrengo minutuetan, baina etxekoak errenta mantentzeko gai izan ziren, baita bost golera zabaltzeko ere. Horrela, atsedenaldira, 16-12ko markagailurekin iritsi zen partidua.

Aldageletatik bueltan, talde daniarrak hutsunea txikitu nahi izan zuen eta lortu ere. Indarra hartuz, erasoan gogor ibili zen aurkaria eta 42. minuturako berdinketa erdietsi zuten. Hala ere, Bidasoak ez zuen amore eman eta berriz ere euren jokoa ezarri zuten kantxan. Horrela, lau goleko errenta berreskuratu zuten markagailuan (48. minutuan, 23-19). Azken minutuetan, daniarrak neurketa euren alde jartzen saiatu ziren, baina ezinezkoa egin zitzaien eta, 60 minutuak bukatuta, garaipena etxekoentzat izan zen.

Multzo Faseari agur erranda, Bidasoak bederatzi puntu batu ditu guztira azken hamar jardunaldietan, eta sailkapeneko hirugarren postuan kokatu da. Last 16 fasea jokatuko du orain, martxoaren 21etik aitzinera. Orduan, talde irundarrak Lisboako Sporting Clube de Portugal jasoko du etxean.

Edonola ere, aitzinetik, Jacobo Cuetararen mutilek igande honetan izanen dute hitzordu berri bat. Izan ere, martxoaren 5ean, Barçak bisitatuko du Artaleku (19:30). Sailkapeneko liderra da taldea eta azken bi Championsetako garailea. Neurketa berezia izanen da beraz, bai jokalarientzat baita zaleentzat ere, eta Nazioarteko hitzorduek markatutako geldialdiaren aurretik azken partidua.

(Argazkia: Edu Agreda)