BIDASOAK GARAIPENA ESKURATU ZUEN TORRELAVEGAN
Gazteen protagonismoarekin, talde irundarrak 30-36ko markagailuarekin irabazi zuen Torrelavegaren aurrean
Bidasoak beste garaipen garrantzitsu bat lortu zuen atzo Torrelavegaren aurrean. Julen Aginagalde, Victor Rodriguez, Dariel Garcia eta Asier Nieto gabe, gazteek egindako lan onarekin, talde irundarrak 30-36ko markagailuarekin irabazi zion Torrelavegari. Gainera, aurtengo denboraldian etxetik kanpo lortzen duten lehen garaipena izan da, eta honekin aurreko asteburuan bolada onari jarraipena eman ahal izan diote.
Lehen zatian nahiko parekatuak egon ziren bi taldeak. Bidasoa zortzigarren minutuan jarri zen aurretik (3-4) Iñaki Caverok sartutako golarekin. Nahiz eta honen ondoren hainbat berdinketa etorri, Jacobo Cuetararen taldeak lau goleko abantaila lortu zuen atsedenaldirako (13-17). Caverok egindako lanaz gain, azpimarratzekoa izan zen bi atezainek berreskuratutako baloiak, baita Xabier Barreto debutariak ASOBAL Ligan sartutako lehen gola ere. Honekin guztiarekin, Bidasoak lau goleko aldearekin ekin zion bigarren zatiari.
Neurketa, azken 30 minutuetan ere, modu beretsuan joan zen. Gazteek protagonismo gehiago hartu zuten zati honetan, talde bisitariak markagailuko errenta mantentzen jakin zuten eta sei goleko aldera ere zabaldu zuten Torrelavegarekin zuten tartea. Horri eutsita, azkenean, 30-36koarekin bukatu zen partida eta Bidasoak etxetik kanpo jokatutako partida batean lehen garaipena eskuratu zuen.
(Argazkia: Luis Palomeque)