BIDASOAK GARAIPENA ESKURATU ZUEN SANTANDERREN
Atzo eguerdian Unicaja Banco Sinfinen aurka aritu ziren irundarrak eta 22-26ko markagailuarekin irabazi zuten
Bidasoak atzo jokatu zuen Asobal Ligako 20. jardunaldia Santanderren, Unicaja Banco Sinfin taldearen aurka. Irundarrak nagusi izan ziren hasieratik, eta nahiz eta Sinfin markagailura hurbildu, errenta mantentzea lortu zuten eta 22-26koarekin irabazi zuten La Albericia kantxan.
Lehenengo momentutik, Bidasoak bere nagusitasuna erakutsi zuen eta aurretik jarri zen laugarren minuturako 0-4ko partziala lortuz. Etxeko taldeak hutsartea eskatzeko unea zela ikusi zuen orduan eta honek mesede egin zien golak sartzen hasteko. Hala ere, irundarrek jakin zuten markagailuko aldeari eusten eta atsedenaldira 9-14koarekin iritsi ziren.
Bigarren zatian, kantabriarrek gogor erantzun zuten eta hasieratik errenta txikitzeko lanetan aritu ziren, baita lortu ere, sei goleko aldea bira murriztuz. Hala ere, Ledoren geldiketek eta Cavero eta Fernandezen zazpi metroko jaurtiketek bost golera ireki zuten bi taldeen arteko tartea. Sinfinek ez zuen amore eman eta berriz ere lortu zuen zuloa pixka bat ixtea, bi golera jarriz beste behin. Azken minutuetan aldiz, Bidasoak bere hasierako indarra erakutsi eta laura igo zuen errenta, 22-26ko markagailuarekin irabaziz.
Neurketaren ondoren, Jacobo Cuetara pozik azaldu zen taldeak lortutakoarekin: “Ez nuen horrelako partidua espero. Aurkariak baino gehiago izan gara eta talde guztiak parte hartu du. Maila oso altua eman dugu bagenituen baldintzekin. Gazteen lanaz gain, lehen taldeko jokalariek egin dutena ere goraipatu behar da. Horrelako neurketa zail baten aurrean, beraien %110a eman dute”. Partiduaren irabazteko gakoa “pazientzia" izan zela aipatu zuen entrenatzaileak, baita “Xoan Ledoren geldiketak” ere. “Partidu konpletua izan da, atzean sendo egon gara eta erasoan pazientzia izan dugu”, gaineratu zuen.
Julen Mujika harrobiko jokalari gazteak partidu gogorra izan bazen ere, joko ona erakustea lortu zutela aitortu zuen: “Bagenekien partidu latza zela. Gu nekatuta gentozen, partidu asko jokatu ditugulako otsailan, baina hala ere serio sartu gara. Nahiz eta beraiek aurretik ez jarri inoiz, bagenekien azken minutuetan konplikatuko zela, baina azkenean atera da”.
(Argazkia: Diego Gomez)