BIDASOAK GARAIPENA ESKURATU ZUEN ANAITASUNAN
Bidasoak 32-35ko markagailuarekin menderatu zuen Anaitasuna taldea atzo Iruñean jokatutako neurketan
Denboraldiko bigarren itzulia ezinhobe hasi dute Bidasoakoek. Izan ere, atzo Anaitasunaren aurka jokatutako partiduan 32-35ko garaipena eskuratu zuten. Partidu zaila izan bazen ere, irundarrek lortu zuten beraien erritmoa eta jokoa inposatzea eta, azkenean, hiru goleko aldearekin menderatu zituzten iruindarrak.
Lehendabiziko zatian, Cuetararen mutilek aurretik jartzea lortu zuten, baina aldea txikia zen eta Anaitasunak, bere erritmo azkarrarekin, markagailuari buelta eman eta neurketa bereganatu zuen. Horrela, atsedenaldira 17-15koarekin iritsi ziren bi taldeak.
Azken 30 minutuak hasi zituztenean, Bidasoa, poliki-poliki, bere jokoa inposatzen hasi zen eta 40. minutuan iruindarren aurretik jarri zen Adrian Fernandezen gol batekin (20-21). Hortik aurrera, irundarrek nagusitasuna erakutsi zuten norgehiagokan eta markagailuan aldea irekitzen hasi ziren, azkeneko minutuan lau goleko errenta ere eskuratuz (31-35). Anaitasunak, azkeneko gola sartu bazuen ere, partiduaren kontrola galdu zuen ordurako eta ezin izan zituen Bidasoakoak garaitu, neurketa 32-35koarekin amaituz.
Jacobo Cuetarak, norgehiagokaren ondoren, garaipen oso garrantzitsua lortu zutela onartu zuen: “Partidu zaila izan da, derbiak izaten diren moduan. Oso berdinduak izaten dira eta zaila da puntuak eskuratzea. Garrantzitsuena garaipenarekin amaitu dugula da”. Neurketaren inguruan, “lehenengo zatian Anaitasunaren estiloarekin” jokatu zutela aipatu zuen, eta bigarren zatian berriz, “jokoa gure alde jarri dugu. Partidu lasaiago bat egin dugu, kontrolatuagoa, gure modura jokatu dugu. Hori zen gaurko neurketaren gakoa eta lortu dugu”, gaineratu zuen entrenatzaileak.
Jokalariak ere pozik azaldu ziren eskuratutakoarekin eta denek azpimarratu zuten atzo irabazteak izan zuen garrantzia. Ander Ugartek “erasoan eta defentsan partidu ona” egin zutela aipatu zuen eta “pista zail batean oso garaipen ona” lortu zutela. Julen Aginagaldek, beste aldetik, “ez da partidu erraza izan”, azaldu zuen. Hala ere, “bi partidu irabazita hasi dugu bigarren itzuli hau eta espero dugu horrela jarraitzea”, adierazi zuen irundarrak.
Hurrengo jardunaldia asteazkenean jokatuko du Bidasoak. Hau, Errege Kopako hirugarren kanporaketako itzuliko neurketa izango da. Oraingo honetan, Bernidormen arituko dira, arratsaldeko 20etan. Artalekun berriz, otsailak 12an, larunbatean, arituko dira Frigorificos Morrazoren aurka, eguerdiko 12etan.
(Argazkia: Oscar Aznar)