BIDASOAK GARAIPEN ZABALA ESKURATU DU SUITZAN
Irundarrek atzo jokatu zuen Pfadi Winterthur taldearen aurka eta 23-37ko markagailuarekin irabazi zuen, bi puntu gehituz sailkapenera
Atzo jokatu zen, AXA Arena kantxan eta Pfadi Winterthur taldearen aurka, azaroan bertan behera gelditu zen EHF Ligako laugarren jardunaldia. Bidasoak egindako aurreikuspenak ez ziren bete bertan, eta irundarrek garaipen izugarria lortu zuten, 23-37ko tarte zabalarekin suitzarrak mendean hartuta.
Neurketako lehenengo minutuetan etxekoek abantaila hartu bazuten ere, Bidasoak segituan eman zion buelta horri eta markagailua bere alde jarri zuen partiduaren amaierara arte. Hasieran bi eta hiru goleko errenta zuten irundarrek, baina poliki-poliki hutsune hori zabaltzen joan zen 25. minutuan, Kauldiren gol bati esker, 6 puntuko aldea eduki arte. Atsedenaldira berriz, 12-17ko markagailuarekin iritsi ziren bi taldeak.
Lehenengo zatian Bidasoa indartsu aritu bazen, bigarren zatian partiduaren buru izan zen. Irundarrek izugarrizko nagusitasunarekin jokatu zuten azken ordu erdian, eta Pfadi Winterthur taldea, etsita, ezin izan zion aurre egin markagailuan sortzen ari zen zulo zabalari. Cuetararen taldeak golak sartzen jarraitu zuen eta suitzarrak nahi eta ezin ibili ziren. Partiduaren bukaerarako 14 goleko errenta eskuratu zuen Bidasoak, markagailua behin betiko 23-37an utziz. Honekin gainera, Europan inoiz lortutako garaipenik zabalena eskuratu zuten irundarrek atzo. Azkenekoa, 96/97ko denboraldian izan zen, Thrifty Aalsmeer aurka jokatutako partiduan 20-33 irabazi ondoren.
Jacobo Cuetara, norgehiagokaren ondoren egindako prentsaurrekoan, honela mintzatu zen: “Aste zail batzuk bizi izan ditugu eta oso garrantzitsua zen garaipen hau eskuratzea guretzat. Defentsan lan ona egin dugu eta oso argi ibili gara erasoan. Bigarren zatian gure jokoarekin jarraitu dugu eta oso maila onean aritu gara. Ez da erraza hemen irabaztea, baina gaur taldea batu egin da eta gure bertsio onena erakutsi dugu”.
Jokalariak ere oso pozik azaldu ziren neurketa eta gero. Jon Azkuek aitortu zuen moduan, “pixkat harrituta gaude lortu den emaitza zabal horrekin, baina askotan erakutsi dugu momentu zailenetan taldea bere onena emateko gai dela. Guretzat oso partidu garrantzitsua zen hau, multzo fase honetako gure aukerak neurketa honetatik pasatzen baitziren, eta bi puntu oso garrantzitsu lortu ditugu borrokan jarraitzeko”.
Kauldi Odriozolak ere Azkueren hitzak azpimarratu zituen eta taldeak egoera zailari aurre egitea lortu duela ere aipatu zuen: “Konfinamendutik atera eta segituan jokatzen hasi gara, asko entrenatu gabe. Taldea pixkat ahul dago, baina beti bereizi izan gara egoera zailetan borrokatzen dugulako eta askotan hobeto ere jokatzen dugulako. Oso partidu konpletua egin dugu eta oso emaitza ona lortu dugu”.
Ostegunean Orlen Wisla Plock-en aurka
Bidasoak gaur bertan bidaiatuko du Poloniara, izan ere, bihar izango du EHF Ligako bostgarren jardunaldia Orlen Wisla Plock taldearen kontra. Partidu hau ere azaroan atzeratu behar izan zen Covid kasuak zirela eta.
Cuetara entrenatzaileak azaldu duen moduan, “ikusi behar da nola indarberritzen diren jokalariak hain denbora gutxian. Ahaleginak neurtu beharko ditugu, baina ilusioz joango gara Poloniara. Partiduak duen zailtasuna jakinda, jokoan sartzen eta aukerak izaten saituko gara”.
Azkuek etsaiaren konplexutasuna aipatuta, taldea ez dela Europara alferrik joan ere gaineratu zuen: “Hasieratik esan genuen Europara ez gatozela paseatzera bakarrik, ahal den puntu gehiena pilatzera baizik. Oraingo egoera bizi ez bagenu ere, oso partidu zaila izango zen, beraien etxean eta beraiek duten talde indartsu horrekin. Argi dugu bi puntuen bila aterako garela, gure lana ahalik eta ondoen egitera eta ea emaitza positibo batekin bueltatzen garen”.