BIDASOAK FRAIKIN BM GRANOLLERS IZANGO DU AURKARI

2022/03/08
BIDASOAK FRAIKIN BM GRANOLLERS IZANGO DU AURKARI

Errege Kopako final laurdenetarako zozketa egin da eta Bidasoari Granollersen aurka aritzea egokitu zaio

Atzo ospatu zen, Kirol Kontseilu Gorenaren egoitzan, Errege Kopako final laurdenetako neurketen zozketa, eta Bidasoari Fraikin BM Granollersen aurka lehiatzea egokitu zitzaion. Norgehiagoka martxoaren 25ean ospatuko da, Antequeran, oraindik zehaztu gabe dagoen ordutegian.

Errege Kopako final laurdenak partidu bakarrera jokatuko dira, eta kanporaketa hau irabazten duenak Iberoquinoa Antequera edo Angel Ximenez Puente Genil taldeetako bat izango du hurrengo aurkaria. Final laurdenetako beste bi partidetan Barça eta Helvetia Anaitasuna eta Frigorificos Morrazo eta Abanca Ademar Leon arituko dira norgehiagokan.

Jacobo Cuetara eta Jon Azkue izan ziren atzo zozketan bertan eta entrenatzaileak aipatu zuen moduan, “oso pozik gaude fase finalean egoteagatik. Guretzat oso garrantzitsua da finaletan egotea eta lehiakorrak izatea. Oraingoan, Granollersen aurka arituko gara, Ligako gure aurkari zuzena den taldea. Bigarren itzulia hobekien jokatzen ari den taldea da eta aurkari zaila izango da. Uste dut ikuskizun polita izango dela jokatu behar dugun partidu hau”.

Prestatzaile bidasotarra ilusioz eta gogoz azaldu zen neurketa honen aurrean eta taldearen helburua lehiakor izatea dela ere azpimarratu zuen: “Orain dela zazpi urte bigarren mailan ginen eta azken sei urtetan bost finaletan izan gara. Erregulartasun horrekin oso pozik gaude. Faboritismoarekin ekin diogu beti finalei, baina zenbait neurketetan maila falta izan zaigu. Orain borrokatu behar dugu, finalean egoteko partidu zailak gainditu beharko ditugulako, baina ilusioz gaude eta gure DNA-n dago ahalik eta lehiakorren izatea”.

Granollers, arerio ezaguna

Bidasoarentzat Granollers ez da txapelketa honetan aurkari ezezaguna. Izan ere, bost aldiz aritu dira elkarren aurka Errege Kopan. Lehendabiziko aldiz 83/84ko denboraldian izan zen. Orduan, bi partidutara jokatu zen kanporaketa, lehendabiziko jardunaldia kataluniarrentzat izanik (23-20) eta bigarrena, berriz, irundarren alde erabaki zelarik (26-24). Lau urte beranduago, Gironako Fase Nagusian Bidasoak Granollers menderatu zuen (25-24), eta gauza bera gertatu zen 92/93ko denboraldian Vigon. 95/96an, Bidasoak Barcelonaren aurka Errege Kopa irabazi zuen urtean, Granollers 25-23ko markagailuarekin menderatu zuen. Azkenik, 16/17ko denboraldian, Leonen baita ere, Granollersek irabazi zuen elkarren aurka aritu diren azken kanporaketa (29-31).