BIDASOAK EZIN IZAN ZUEN FÜCHSE GAINDITU
Talde irundarrak joko ona erakutsi zuen kantxan, baina alemaniarrek azken minutuetan partida erabaki eta beraientzat izan ziren puntuak
Bidasoak EHFko Multzo Faseko bigarren jardunaldia jokatu zuen atzo gauean Berlinen, Füchse Berlin taldearen kontra. Jacobo Cuetararen mutilek hasierako minutuetan lortutako errentaren ondotik, etxeko taldea nagusitu zen eta markagailua bere alde eraman zuen neurketa ia guztian zehar. Talde irundarrak, bigarren zatian, partidua kontrolpean eduki bazuen ere, azkenean alemaniarrak nagusitu ziren 34-29ko markagailuarekin.
Bundesligako liderraren etxean erakustaldi ederra eman zuen Bidasoak atzo. Neurketa zaila zuen aurretik eta bere maila emateko gai izan zen talde irundarra, hasierako minutuetan bere alde jarriz markagailua. Hala ere, Füchse Berlinek indarra hartu eta defentsan eta erasoan gogor lan eginez, tartea ireki zuen. Lehen zatiko errentarik zabalena sei golekoa izan zen (11-5, 16. minutuan), baina bidasotarrek hau erdira murriztea lortu zuten atsedenaldirako (18-15), Jakub Skrzyniarzen eta Jon Azkueren lanari esker.
Bigarren zatian, gainera, Jacobo Cuetararen mutilek errenta hori deuseztatzeko helburuarekin kantxaratu ziren eta buru-belarri aritu ziren lehen bost minutuetan hori lortu arte. 20nako berdinketaren ondotik, jardunaldiko goleatzaile nagusia izan zen Azkuek (10 gol sartu zituen) baloia sarera sartu eta taldea aurretik jartzea lortu zuen. Bidasoak ez zuen begiz galdu aurkaria eta bigarren zatiko erdialdera arte, oso hurbiletik jarraitu zion markagailuan. Hala ere, alemaniarrek sei minutuz golik ez jasotzea lortu zuten eta 29-23koa ezarriz, partida erabakita utzi zuten, bukaeran 34-29koa ipiniz.
Bidasoak ASOBAL Ligari segidari emanen dio jokatuko duen hurrengo neurketan. Ortziralean izanen da hori, Pontevedran gaueko 21:30ean, Cisne taldearen kontra. EHF European League txapelketa azaroaren 22an izanen da bueltan, HC Motor ukrainarra Artaleku bisitatzen duenean.