BIDASOAK EZIN IZAN ZUEN AGUAS SANTAS GARAITU
Talde irundarrak goitik behera egin zuen neurketa aitzinera joan ahala
Bidasoak EHFko Multzo Faseari ekin zion atzo iluntzean. Aguas Santas Milaneza talde portugaldarra bisitatu zuen atzoko jardunaldian eta ongi hasi bazen ere, azkenean etxekoek aurrea hartu zuten eta hiru golengatik garaipena eskuratu zuten. Matematikoki hurrengo fasera sailkatzeko aukera galdu dute porrot honekin, baina taldea indartsu dago datozen partiduetan helburu hori lortzeko.
Neurketa hasi eta, lehen berdinketen ondotik, aurretik jarri zen Bidasoa hamargarren minutuan (3-5). Markagailua euren alde jarrita, horrela segitu zuten hurrengo jokaldietan ere. Atsedenaldira iristeko hamar minutu gelditzen zirenean berriz, etxekoek errenta murriztu eta 11-11koa ezarri zuten. Ez hori bakarrik, aitzinetik jartzea ere lortu zuten, nahiz eta Matheus Francisco da Silvak eta Jon Azkuek 14nakoa ipini zuten lehen ordu erdia bukatu zenerako.
Bigarren zatian eskema bera errepikatu zen eta Bidasoaren jokoa goitik behera joan zen. Lehen errentak talde irundarraren alde izan ziren, baina 45. minuturako, Aguas Santasek berriz ere emaitza berdintzea lortu zuen. Erasoan arrakasta edukita, etxekoak aitzinetik jarri ziren eta, poliki-poliki, abantaila eskuratzen hasi ziren. Gol bateko errentatik hiru goleko errentara pasatu ziren eta Jacobo Cuetararen mutilek ezin izan zuten hori irauli. Azkenik, 28-25eko markagailuarekin galdu zuen Bidasoak.
“Triste” baina indartsu dago Bidasoa, Jacobo Cuetararen hitzetan. “Matematikoki hurrengo fasera sailkatzeko aukera” galdu zuten atzo, baina saiatzen jarraituko dute datozen jardunaldietan. Orain, berriz ere, Plenitude ASOBAL Ligako neurketan daude zentratuta. Izan ere, ortziralean (otsailak 10) jokatuko dute Frigorificos Morrazo taldearen kontra, Galizian, 21:30ean.
(Argazkia: Aguas Santas Milaneza)