BIDASOAK EZIN IZAN ZITUEN BI PUNTUAK ESKURATU PUENTE GENILEN

2024/03/02
BIDASOAK EZIN IZAN ZITUEN BI PUNTUAK ESKURATU PUENTE GENILEN
Angel Ximenez Puente Genil 28
27 Bidasoa Irun

Puente Genilek ezarri zuen partiduaren erritmoa eta Bidasoaren hutsegite batzuen ondorioz, kordobarrentzat izan ziren jardunaldiko bi puntuak

Bidasoa Irunek ezin izan zuen Angel Ximenez Puente Genil taldea garaitu atzo ilunabarrean jokatu zen partiduan. Kordoban ekin zioten neurketari eta etxekoen erritmora ezin egokitu ibili zen Jacobo Cuetararen taldea. Bigarren zatian joko sendoago bat erakutsi zuten bidasotarrek, baina ez zen nahikoa izan puntuak batzeko. Azkenean, 28-27ko markagailu estuarekin bukatu zen partidua eta esku hutsik bueltatu dira Irunera.

Puente Genil indartsu kantxaratu zen lehen zatian eta sendo eutsi zieten Bidasoaren erasoei. Irundarrak aitzinetik jarri ziren markagailuan (4-5, 11. minutuan), baina kordobarrek segidan eman zioten buelta honi eta geroztik, euren alde jarri zuten emaitza. Bidasoak, une batean, zazpira berdintzea lortu zuen, baina irudikeri bat izan zen. Izan ere, Puente Genil lau goleko aldearekin ailegatu zen atsedenaldira (15-11). Talde irundarrarentzat lehen zatiko momenturik garrantzitsuena, Endika Wambaren debuta izan zen, Gastaminzarekin batera kantxaratu zen harrobiko jokalaria.

Bigarren zatian, Bidasoak erritmo altuago bat erakutsi zuen jokoan eta 0-2ko partzial baten ondotik, neurketa parekatzea lortu zuten. Edonola ere, Puente Genil ez zegoen prest bere nagusitasuna galtzeko eta bost goleko errenta lortu zuen berriz ere. Jacobo Cuetararen mutilak amore eman gabe segitu zuten eta 24-24ko berdinketa lortu zuen, 53. minutuan. Azken minutuetan partidua oso berdindua egon zen eta, neurketa zail baten ondotik, garaipena posible zela sinesten hasiak ziren bidasotarrak. Edonola ere, Gay-Emparanek sartutako azken golak ez zuen baliorik izan, azken ordu erdia bukatzerakoan izan baitzen eta Bidasoa denborarik gabe gelditu zen puntuak batzen saiatzeko.

Gol bakarreko aldearekin, 28-27ko emaitzarekin, bukatu zen partidua. Honen ondotik, heldu den larunbatean, martxoaren 9an, etxera bueltatuko da taldea eta bertan jasoko du Benidorm (19:00), hiru puntuak Artalekun gelditzeko borrokan.

(Argazkia: Estefania Hernandez)