BIDASOAK EZIN IZAN DU PUNTURIK BATU LEONEN
Jacobo Cuetararen mutilek bi golengatik galdu zuten Abanca Ademar Leonen kontra
Bidaso Irunek Abanca Ademar Leon bisitatu zuen atzo gauean, denboraldiko hamaikagarren jardunaldia jokatzeko. Etxeko taldeak lehen abantailak lortu zituen eta poliki-poliki errenta hori zabaltzen joan zen lehen zati guztian zehar. Atsedenalditik bueltan, talde irundarra markagailua iraultzeko asmoarekin kantxaratu zen, baina ezin izan zuen abantaila hori deuseztatu eta azkenean, 35-33koarekin partida galdu egin zuten.
Lehen ordu erdian defentsan lan ona egin arren, batez ere Mehdik atean egindako geldiketekin, zenbait akats egin zituen Bidasoak erasoan eta hori aprobetxatuta, Ademar Leonek lehen abantailak lortu zituen markagailuan. Hala ere Jacobo Cuetararen mutilek hurbiletik jarraitu zieten etxekoei 15. minutura arte. Hortik aitzinera, Leongoek errenta handitzen joan ziren eta 6-1eko partzial bati esker, 18-11ko emaitzarekin iritsi ziren atsedenaldira.
Bigarren zatian markagailu hau iraultzeko asmoarekin kantxaratu zen talde bisitaria eta horretarako egindako lana fruituak ematen hasi zen. Zazpi goleko errenta hori pixkanaka gutxitzen joan zen Bidasoa, soilik hiru eta bi goleko aldera murriztuta (26-23, 45. minutuan, eta 33-31, 55. minutuan) . Neurketaren azken bost minutuetan, garaipena posible zela sinetsita, lanean jarraitu zuen talde irundarrak, baina ezin izan zuen bi goleko errenta hori guztiz deuseztatu. Azkenean, 60 minutuan pasatuta, Bidasoak 35-33ko markagailuarekin galdu zuen Ademar Leon taldearen kontra.
Egindako akatsak onartuta eta maila hobea emateko asmoz, Irunera bueltatu da taldea. Izan ere, datorren larunbatean etxean arituko da berriz ere. Gainera, neurketa garrantzitsua izanen du, Fraikin BM Granollers taldea jaso beharko baitu Artalekun, Plenitude ASOBAL Ligako hamabigarren jardunaldian. Partida larunbatean izanen da (azaroak 19), arratsaldeko 18:00etan.
(Argazkia: Manu Quiroga)