BIDASOAK EUROPAKO TXAPELKETARAKO SAILKAPENA LORTU ZUEN
Granollersen aurka 29-27 irabazi eta gero, laugarren aldiz jarraian Europako Txapelketarako zuzenean sailkatzea lortu zuen Bidasoak
Bidasoak, aurreko larunbatean, Granollers jaso zuen zalez betetako Artaleku batean. Sarrera guztiak agortuta, 1.899 ikusle izan ziren etxeko taldearen 700. neurketa ikusten. 29-27ko markagailua erdietsi ondoren, Bidasoak Granollers menderatzeaz gain eta Asobal Ligako bigarren postua eskuratuta, laugarren aldiz jarraian lortu zuen Europako Txapelketarako sailkatzea egotea.
Partidua hasi eta markagailua bisitarien alde jarri zen, nahiz eta etxeko taldeak segidan berdintzea eta aurretik jartzea ere lortu zuen (11-7). Jose Manuel Sierraren defentsa lana gakoa izan zen horretarako, baina norgehiagoka horretan lehian zegoena hain garrantzitsua izanda, Granollersek martxa hartu eta errenta hori murriztea lortu zuen. Atsedenaldia baino lehen, errenta gol bakar batera txikitu zuen eta 15-14koa ezarri zuen.
Bigarren zatian helburu beragatik borrokatzen jarraitu zuten bi taldeek ere. Partidua oso parekatua egon zen azken ordu erdian, baina Bidasoako Victor Rodriguezek lan ona egin zuen markagailuko hutsunea irekiz (23-20). Hala ere, Granollersek ez zituen besoak jaso eta neurketa amaitzeko bost minutu falta zirenean, 25-26koa erdietsi zuen, norgehiagokari tentsioa emanez. Azken txanpa horretan, bai Sierrak atean eta baita Cavero, Garcia, Rodriguez eta Salinasek egindako lanari esker, horri buelta ematea lortu zuen etxeko taldeak. Txiletarra izan zen, batez ere, horretan lagundu zuena, azken bost minutu horietan lau gol sartuz eta, behin betiko, 29-27ko markagailua ezarriz.
Garaipen honekin, Bidasoak Asobal Ligako sailkapeneko bigarren postua berreskuratu zuen, eta honekin batera, Europako Txapelketarako txartela ere. Gainera, lorpen hau laugarrena jarraian da talde irundarrarentzat.
(Argazkia: Arrate Morales)