BIDASOAK EUROPAKO IBILBIDEARI BUKAERA EMAN DIO

2023/03/29
BIDASOAK EUROPAKO IBILBIDEARI BUKAERA EMAN DIO
Sporting Clube de Portugal 34
28 Bidasoa Irun

Sporting Clube de Portugalen kontra galdu ondotik, Europako txapelketari aio erran dio Bidasoak

Bidasoa European Leagueko Last 16 faseko lehen kanporaketa gainditu ezinik gelditu da. Sporting Clube de Portugal taldearen kontra galdu ondotik, aurtengo ibilbideari aio erran behar izan dio. Hiru goleko abantailarekin iritsi ziren irundarrak Lisboara, baina etxeko taldeak 34-28ko markagailua erdietsi zuen atzoko neurketan eta beraz, Bidasoa Europatik kanpo utzi zuen.

Mikel Zabalak aitzinetik jarri zuen taldea lehen jokaldietan. Hala ere, Sporting Clube de Portugal taldeak ez zuen amore emateko intentziorik eta bere alde jarri zuen markagailua segidan. Bortz goleko aldea ere lortu zuten lehen zatiaren erdialdean (15. minutuan, 10-5), nahiz eta Bidasoak erantzun gogorra eman zion honi. Atsedenaldira bidean, Jacobo Cuetararen mutilek errenta hiru golera txikitu zuten (15-12) eta horrela, kanporaketa berdinduta utzi zuten bigarren zatirako.

Partidua irekita zegoela hasi zuten azken ordu erdia bi taldeek. Bidasoak indarra erakutsi zuen kantxan lehen mintutuetan, eta Asier Nietori esker, 18-16koa ezarri zuen markagailuan, kanporaketa euren alde jarriz. Etxekoak berriz, erasoan gogor ibili ziren eta bortz goleko errenta lortu zuten bertze behin. Talde irundarrak, hala ere, ez zion neurketari ihes egiten utzi eta 1-3ko partzial batekin sartu zen berriro ere neurketan. Azken bortz minutuetan oraindik erabaki gabe zegoen kanporaketa, baina Sporting-ek nagusitasuna erakutsi eta 34-28koa ezarri zuen partidu bukaerarako.

Sei goleko aldearekin, Bidasoak ezin izan zuen kanporaketa gainditu eta beraz, Europako Txapelketari aio erran behar izan dio aurtengoz. Orain, denboraldiko helburu nagusiari begira jarri beharko dira jokalariak, Plenitude ASOBAL Ligari hain zuzen ere. Horretarako, igande honetan, apirilaren 2an, bere aurkari zuzenarekin izanen du taldeak hitzordua Artalekun, Logroño La Riojarekin (18:30).

(Argazkia: Sporting CP)