BIDASOAK ETXEAN JASOKO DU BADA HUESCA
Artalekun jokatuko duen Plenitude ASOBAL Ligako lehen itzuliko azken neurketa izanen da
Bidasoak Bada Huesca taldea jasoko du bihar Artalekun. Plenitude ASOBAL Ligako hamalaugarren jardunaldia jokatuko dute, hain zuzen ere lehen itzuliko azken aurreko partidua eta azkena etxean. Jacobo Cuetararen mutilek zailtasunak dituzte irabazteko, baina akatsak identifikatuta, euren helburua urte bukaerarako sailkapenean 18 puntu batzea izanen da.
“Zulotik irtetea” izanen da biharko neurketan Bidasoak izanen duen helburu nagusia. Jacobo Cuetarak aipatu duenez, taldea “gogoz dago partidu on bat egiteko, zaleen laguntzarekin irabazi eta zulotik ateratzeko”. Hala ere, norgehiagoka zaila izanen dela ere azpimarratu du: “Huesca dinamika onean dago. Hobera egin duen taldea da eta ongi lehiatzen ari da. Ideiak garbi ditu eta oso ongi entrenatua dago. Kontuz ibili behar gara, izan ere, partidu askotan irabazi egin dugu euren kontra, baina beste askotan eurek irabazi dute”.
Hemendik urte bukaera bitarte, hiru norgehiagoka jokatuko ditu Bidasoak, Plenitude ASOBAL Ligako bi eta EHF-ko Multzo Faseko beste bat. Taldearentzat garrantzitsuena Liga da eta azken bi jardunaldi horietan “ahalik eta puntu gehien lortzea” izanen da bere helburu nagusia. Horiei indarrez ekiteko, “aurrera begiratu behar dutela” aipatu du Cuetarak, izan ere, “geldialdia bertan dugu eta esfortzu bat egin behar dugu”.
Azken asteetan gaizki egindakoak zuzendu bertzerik ez zaie gelditzen Bidasoako jokalariei eta horretarako aukera izanen dute bihar arratsaldeko 18:30ean Artalekun, Bada Huesca taldearen kontra jokatuko duten neurketan.