BIDASOAK ERREGE KOPAKO NEURKETA IZANGO DU GAUR SARRIÀN

2021/12/21
BIDASOAK ERREGE KOPAKO NEURKETA IZANGO DU GAUR SARRIÀN

Urteko azken partidua jokatuko du Bidasoak gaur, Unió Esportiva Sarrià taldearen aurka, gaueko 21etan

Bidasoako jokalariak atzo abiatu ziren Sarrià de Ter herrira, Errege Kopako bigarren kanporaketa jokatzeko asmoarekin. Urteko azken partidua izango da hau, Gabonetako atsedenaldiaren aurretik. Irundarrak Unió Esportiva Sarrià taldearen aurka neurtuko dira oraingoan, Pavelló U.E. Sarrià kiroldegian, gaur gaueko 21etan.

Jacobo Cuetara entrenatzaileak atzo esan zuen moduan, “ilusioarekin eta kontu handiarekin goaz partidua jokatzera. Gu faboritoak gara, baina ezin gara lasaitu. Kontzentratuta egon behar gara eta lehian sartuta, partidu ona egin behar baitugu Errege Kopan bizirik irauteko”.

Mikel Zabala jokalariak ere hitz berberak errepikatu zituen eta beraien etxean aritzeak zailtasun gehiago ekarriko diola neurketari gaineratu zuen: “Partidu tranpa dira hauek. Ikusi da Sacyr Asobal Ligako talde askok galdu egin dutela eta gu ezin gara erlaxatu. Beraien etxean jokatzen dugu eta irabaztera goaz hara, partidu zaila izango den pentsaerarekin eta emaitza ona ateratzeko asmoarekin”.

Unió Esportiva Sarrià "talde gaztea” dela ere aipatu zuen Cuetarak, eta “erritmo bizian aritzen dena”. “Defentsa mota desberdinekin ere aritzen dira eta presio nahiko egiten dute honekin”, onartu zuen prestatzaileak. Bidasoaren gaurko helburua beraz, “kontzentratuta egotea da, erasoan ordena izatea eta defentsan atzera egitea”, Jacobo Cuetararen esanetan.