BIDASOAK EHF-KO MULTZO FASEKO AZKEN NEURKETA JOKATUKO DU ARTALEKUN

2023/02/27
BIDASOAK EHF-KO MULTZO FASEKO AZKEN NEURKETA JOKATUKO DU ARTALEKUN

Aarhus Skandenborg Håndbol taldea jasoko du talde irundarrak etxean, bihar arratseko 20:45ean

Bidasoak dagoeneko badaki Last 16 fasean arituko dela, pasa den astean eman ziren emaitzen ondorioz, matematikoki sailkatzea lortu zuelako. Hala ere, lehiatzen jarraituko du eta bihar garaipenaren bila aterako da kantxara Artalekun, Aarhus talde daniarraren kontra. Joaneko neurketan gehiago izan zen aurkaria, baina oraingo honetan Jacobo Cuetararen mutilek zaleen babesa jasoko dute eta euren bultzada sentituko dute.

Larunbateko garaipenaren ondotik, “presiorik gabe” lehiatuko direla argitu du Jacobo Cuetarak gaur goizeko prentsaurrekoan: “Lan aunitz egin dugu orain arte, egoera zail batean gaude eta garaipena pozgarria izan zen denontzat, beharrezkoa”. Irabazteak “konfidantza” ere emanen die bidasotarrei aste honetarako. Izan ere, bi hitzordu garrantzitsu izanen ditu taldeak: bata biharkoa, Aarhus Skandenborg taldearen kontra, eta bestea igandekoa, Barçaren kontrako partidua. Entrenatzaileak aitzindu duenez, “motibatzen gaituzten bi neurketa ditugu aitzinetik, oso politak direnak, eta galtzeko gutxi dugu haietan”.

Honen harira, “disfrutatzera” aterako dira jokalariak kantxara, “maila eta forma hobetzeko, denboraldiko hirugarren zati honi aurre egiteko”, Cuetarak dioenez. Edonola ere, irabaztera aterako da taldea, ahalik eta mailarik altuena ematera: “Partidua irabaziko dugula pentsatu behar dugu beti, onenak izango garela eta ahalik eta goren gelditzeko helburuarekin”.

Ez da erraza izango, hala ere, Aarhus garaitzea. Joaneko neurketan, Danimarkan, haiek irabazi zuten eta orain honi buelta eman nahi dio Bidasoak: “Arerio zaila da. Bigarren izateko faboritoak direla erakutsi dute. Talde sendo bat da, desoreka sortzen duten jokalariekin. Euren etxean gainetik pasatu ziguten eta orain hau itzuli behar diegu eta partidua irabazten saiatu behar gara”.

Joaneko neurketa zaila izan zen Jacobo Cuetararen taldearentzat, momentu okerrenean baitzegoen eta baja garrantzitsu batzuekin bidaiatu zuelako. Orain, zaleen babesa izanen du etxean eta horrek bultzada berezi bat emanen die, betiko moduan. Gainera, nolabait errateko, presiorik gabe aritzeko aukera izanen du Bidasoak, dagoeneko Last 16 fasera sailkatu delako, eta hori garrantzitsua izanen da neurketari aurre egiteko. “Presiorik gabe jokatzea beharrezkoa dugu, taldeaz gozatzeko, baita Europako partiduaz ere. Emaitzak ez gaituela baldintzatuko badakigu, baina irabazi behar dugula pentsatu behar dugu hala ere. Izan ere, ardura bat dugu taldearekiko, zaleekiko eta txapelketarekiko”, erran du prestatzaileak.

Garaipena eskuratzeko, azkenik, “euren gisa aritzea” izanen da gakoa Cuetararen hitzetan, “maila altuan aritzea” alegia. Jakinarazi duenez, Aarhus “talde sendoa da eta baloi gutxi galtzen dituena. Maila handia du eta zaila da partzialak egitea”. Horregatik, Bidasoak bere ahalmen guztiak erakutsi beharko ditu kantxan: “Gu asko batera gaitezke eta memoriaz joka dezakegu. Beraz, hori da egin behar duguna. Eurek gu baino gehiago direla erakutsi dute, baina orain etxean ariko gara eta zaildu egingo diegu garaipena”.

EHFko Multzo Fasea agertuko du Bidasoak bihar Artalekun, Aarhus taldearen kontra, 20:45ean. Zaleak bertan izanen dira, eta igandean ere bertan segituko dute, taldea animatzen eta aste zoragarri honetaz gozatzen.