BIDASOAK DENBORALDIKO LEHEN JARDUNALDIA GALDU DU

2022/09/05
BIDASOAK DENBORALDIKO LEHEN JARDUNALDIA GALDU DU
TM Benidorm 26
23 Bidasoa Irun

Benidormen aurka 26-23ko markagailuarekin galdu zuen talde irundarrak

Bidasoak ezin izan zuen Benidorm taldea garaitu ASOBAL Ligako lehen jardunaldian. Bazekiten partida zaila izanen zela, eta horrela erakutsi zuten bi taldeek kantxan. Nahiz eta bidasotarrak saiatu ziren gaizki hasi zuten neurketari buelta ematen, ez zen nahikoa izan eta azkenik, 26-23ko markagailuarekin galdu zuten. Jacobo Cuetara entrenatzaileak adierazi zuenez, taldea “ez zen lehiakorra izan” eta horretarako, “lanean jarraitu” beharko dute.

Neurketaren hasieratik nabarmena izan zen Benidormen indarra. Erritmo bizia ezarri zuen kantxan eta horri eutsiz, 4-0eko partziala ezarri zuen lehen bost minutuetan. Bidasoak honi aurre egin eta gol bakarrera hurbiltzea lortu zuen, baina lehen ordu erdia bukatu aurretik, Benidormek berriz bere nagusitasuna erakutsi eta bost goleko errenta erdietsi zuen, 16-11koa ipiniz.

Bigarren zatia desberdina izan zen Bidasoarentzat. Amore eman gabe borrokan jarraitu zuten eta Benidormek lortutako sei goleko errenta deuseztatu zuten azken bost minutuetan. 22ra berdindu zuten markagailua, baina etxeko taldea ez zegoen prest neurketa galtzeko eta berriz ere gogor jokatuz, 26-23koa ezarri zuten partidaren bukaerarako.

Jacobo Cuetara entrenatzailearen iritziz, “partidu oso konplikatua” izan zen: “Benidormen jokatzen diren neurketak zailak dira beti eta hori ikusi da gaur”. Bi taldeen artean “desberdintasun handia” egon zela onartu zuen eta Bidasoak “ohikoak ez diren akatsak” egin zituela. Partidaren azken minutuetan, hobe aritu zirela ere erran zuen Cuetarak, baina azkenean, “Benidormek zuen errenta eta hori aprobetxatu dute”. “Ez gara lehiakorrak izan, ez dugu gure maila eman eta lanean jarraitu beharko dugu etorkizunerako”, adierazi zuen prestatzaileak.

Denboraldiko lehen neurketa galduta, Bidasoak ortziralean ekingo dio bigarren jardunaldiari. Etxean arituko dira orduan, arratsaldeko 19:00etan, Frigorificos Morrazoren aurka.

(Argazkia: Julieta Osorio)