BIDASOAK DENBORALDIKO JANTZI BERRIAK AURKEZTU DITU
Taldearen lehen ekipazioak urre kolorea mantenduko du eta bigarrena berriz, urdina izanen da
Bidasoa Irunek atzo 2022/23 denboraldiko Geff ekipazio berria aurkeztu zuen. Taldearen lehen jantzia urre kolorekoa izaten jarraituko du eta bigarrena berriz, urdina izanen da. Atezainak berdez jantziko dira eta arropa arrosak ere izanen dituzte bigarren ekipazio gisa.
ASOBAL Liga hasteko aste bat falta denean, Bidasoak aurtengo denboraldirako jantzi berriak aurkeztu ditu. Lehen eta bigarren ekipazioak kolore berak mantenduko dituzte, urrea eta urdina hain zuzen ere, nahiz eta aurten protagonismo berezia emanen dioten kamisetak dituen tonalitate eta ehundurei. Atezainek ere jantzi berriak izanen dituzte eta hauek arropa berdea erabiliko dute lehen jantzi moduan, eta arrosa bigarren ekipazioan.
Jokatzeko erabiliko duten ekipazio hau, baita entrenatzekoa ere, salgai egonen da Bidasoak Artalekun duen denda ofizialean, etxean jokatuko den lehen neurketatik aitzinera. Klubeko bazkideek gainera, deskontuak izanen dituzte egiten dituzten erosketetan.
Iñigo Sanz irundarra izan da jantzi hauen disenatzailea eta berak ekipazioa egiterakoan kontuan hartu duen oinarria zein den azaldu du: “60 urte hauetan C.D. Bidasoari gaur egun dena eraikitzen lagundu dioten mugarrien lotura sinbolizatzen duten pieza ezberdinak dituzte oinarri, hala nola, bere kirol lorpenak, Irun hiria edo zaleak”.
Aurtengo ekipazioen berrikuntzetako bat zaleei zuzendua egonen da. Izan ere, hiriko arropa lerro bat sortu du Bidasoak, klubeko jarraitzaileek egunerokotasunean jantzi dezaten. “Diseinu modernoko kamisetak eta jertseak” izanen direla aurreratu dute. Arropa lerro hau ere denboraldia hasten denean jarriko dute salgai.