Bidasoak Cuenca garaitu zuen gol bakarrarengatik
Bidasoak bertze garaipen bat eskuratu zuen, pasa den larunbatean, Artalekun Cuencari 28-27ko markagailuarekin irabazita. Partidu borrokatua izan zen eta azkenean, gol bakarrarengatik bi puntuak etxean gelditzea lortu zuen Alex Mozasen taldeak. Honen ondotik, Europako ibilbidea hasiko du Bidasoak bihar bertan (urriaren 8an), Poloniako KGHM Chrobry Glogow taldearen kontrako neurketarekin (20:45).
Alex Mozasen taldeak hasieratik sufritu zuen pasa den larunbatean etxean jokatutako Cuencaren kontrako partiduan. Lehen berdinketa baten ondotik, aitzinetik jarri zen talde bisitaria eta lau goleko errenta ere lortu zuen. Lehen zatia bukatzeko lau minutu gelditzen zirenean, etxekoek ongi erantzun eta tartea murrizteko gai izan ziren, baita emaitza iraultzeko ere. Honela, atsedenaldira 15-14koarekin ailegatu ziren bi taldeak.
Bigarren zatian, abantaila hau mantendu behar zutela bazekiten irundarrek, baina ez zen erraza izan. Cuencak berriz ere bereganatu zuen markagailua, baina oraingo honetan errenta ez zen hain zabala izan. Gol bakarreko aldea lortu zuen talde bisitariak eta nor baino nor ibili ziren biak neurketa bukaera bitarte. 26nako azken berdinketaren ondotik aldiz, Esteban Salinasek eta Pedro Pachecok gol bana sartu eta garaipena etxean gelditzea ahalbidetu zuten, 28-27ko markagailuarekin.
Bi puntuak etxean mantenduta, orain EHF European Legueko txapelketari begira dago Bidasoa. Bihar, urriaren 8an, hasiko da Multzoen Fasea eta Artalekun jokatuko dute lehen jardunaldia, Poloniako KGHM Chrobry Glogow taldearen kontra, 20:45ean.