Bidasoak bostgarren garaipena segidan lortu du

2024/12/18
Talde irundarrak Logroño garaitu zuen 29-31ko markagailuarekin eta bertze bi puntu poltsikoratu zituen, 19 batuta guztira. Honen ondotik, etxean jokatuko du urteko azken neurketa, Puente Genil taldearen kontra (abenduaren 21ean, 19:00).
Bidasoak bostgarren garaipena segidan lortu du
BM Logroño La Rioja 29
31 Bidasoa Irun

Bidasoa Irunek garaipen landu bat lortu zuen atzo arratsean Logroñon, bertako Logroño La Rioja taldearen kontra. 29-31ko markagailuarekin, bi puntu gehiago poltsikoratu zituen talde irundarrak eta horrela, hurbilako dago lehen itzuliko helburutik. Heldu den larunbatean, abenduaren 21ean, urteko azken bi puntuak izanen dituzte Alex Mozasen mutilek jokoan etxean, Puente Genil taldearen kontra. 

Gogor kantxaratu zen Logroño etxean eta lehendabiziko errentak ere lortu zituen berehala. Zazpigarren minutuan, 6-2ko emaitza ezarri zuen eta Alex Mozas lehen hutsartea eskatzera behartua izan zen. Honek eragina izan zuen talde irundarrean eta berehala, 0-3ko partziala eginez eta Caveroren bertze gol bati esker, markagailuko hutsunea ixtea lortu zuten. Neurketa parekatua egon zen lehen ordu erdian eta hori emaitzan islatu zen, izan ere, atsedenaldira 16-15ko emaitzarekin ailegatu ziren bi taldeak. 

Bigarren zatiaren hasieran jarri zen Bidasoa markagailuan aitzinetik lehen aldiz (16-17, bigarren minutuan). Edonola ere, Logroño ez zegoen amore emateko prest eta berriz ere hartu zuen aurrea hurrengo minutuetan. Bi taldeen arteko tirabirak segitu egin zuen eta Rodrigo Salinasek egindako 0-3ko partzial baten bidez, 20-21ekoa ezarri zuen bidasotarren alde. Hemendik aitzinera, talde irundarrak bere errenta eutsi egin zion eta partidua bere alde jarri zuen bukaera bitarte. 

Miguel Angel Velasco errioxarren entrenatzaileak bi hutsarte eskatu zituen azken minutuetan, neurketaren norabidea aldatzeko, baina Bidasoak ongi eutsi zion bere indarrari. Lau goleko aldea ere ezarri zuen taldeak (25-29, 24. minutuan), Gorka Nietoren bi gol baliatuta, baina Logroño berriz ere hurbildu zen, 28-29koa ezarrita. Alex Mozasek eguneko bigarren hutsartea eskatu eta, taldeari lasaitasuna emanda, hiru goleko errenta hartu zuen berriro, azken minutuan 29-31ko emaitzarekin garaipena lortuz. 

Bertze bi puntu poltsikoratuta, heldu den larunbatean (abenduaren 21ean), urteko azken partidua jokatuko du Bidasoak Artalekun. Angel Ximenez Puente Genil taldearen kontra lehiatuko da talde irundarra, 19:00etan, eta lehen itzuliko helburu nagusia lortzeko prest kantxaratuko da: 21 punturekin urtea bukatzea eta Espainiako Kopa lehiatzeko txartela eskuratzeko sailkapeneko postu egokia lortzea. 

Gorka Nieto jokalari eta kapitainak egin du partiduaren balorazioa.