BIDASOAK BIHAR JOKATUKO DU ERREGE KOPAKO PARTIDUA ARTALEKUN

2022/02/01
BIDASOAK BIHAR JOKATUKO DU ERREGE KOPAKO PARTIDUA ARTALEKUN

Irundarrek Benidorm taldea jasoko dute bihar, arratsaldeko 20:15ean, Errege Kopako hirugarren kanporaketa jokatzeko

Bidasoak bihar ekingo dio denboraldiko bigarren zatiari, eta hitzordu garrantzitsu batekin egingo du gainera. Izan ere, Errege Kopako hirugarren kanporaketa jokatu beharko du lehendabiziko partidu honetan. Zozketak agindu bezala, irundarrek Benidorm taldea jasoko dute bihar Artalekun, arratsaldeko 20:15ean, joaneko neurketa jokatzeko asmoarekin.

Lehengo ostiralean, Torrelavegaren aurka jokatu beharreko lagunartekoa bertan behera uzteko neurria hartu zuten irundarrek, Covid kasu positibo bat zela eta. Arrazoi beragatik ere, jokalariek asteburuan ez dute entrenamendurik egin eta denboraldiko bigarren zati hau zalantzekin hasiko dutela onartu du Jacobo Cuetara entrenatzaileak: “Hiru egun daramatzagu geldirik eta ez da lehiaketa hasteko modurik onena. Ondo ginen, baina ezustekoak izan ditugu. Gainera, lehenengo lagunartekoan izan genuen errendimendua oso txarra izan zen eta guzti horrek zalantzak sortzen dizkigu”.

Ziurgabetasun honekin, beraz, egingo diote aurre biharko neurketari. Cuetarak prentsaurrekoan aipatu duen moduan, “bi taldeak ere ezbaiean hasiko dugu kanporaketa. Neurketa honi lehendabiziko zati handi bati bezala aurre egingo diogu. Oso zaila izango da kanporaketa hau, segur aski Benidormen bertan erabakiko dena”. Horregatik, “ahal dugun emaitzarik onena” lortu behar dutela ere esan du entrenatzaileak.

Bidasoak Benidorm taldea ezaguna du jada, izan ere, bere aurka jokatu zuen Ligako lehenengo zatiko azken partidua. Irundarrak konfinamendutik atera berriak ziren orduan eta Orlen Wisla Plock-en aurka norgehiagoka gogorra jokatua zuten aste horretan bertan. Hori probestuta, Benidormek “min handia” egin ziela aitortu du prestatzaileak, Bidasoako “ahulgune guztiak harrapatu baitzituzten”. Horregatik, eta taldeak denboraldian zehar behetik gora egin duelako ere, “arerio zail bat izango da eta oso berdinduta egongo gara beraien aurka”, azaldu du Cuetarak.

Denboraldiko bigarren zati honen hasierari begira, “poliki-poliki” joango direla aipatu du entrenatzaileak. Izan ere, lehendabiziko neurketatik “asko izango dugu jokoan eta arerio gogorrak izango ditugu aurrez aurre”, gaineratu du.

Pandemiaren egoera dela eta, Artalekuk 800 zale baino ezingo ditu hartu bihar, baina norgehiagoka Bidasoako Youtube-ko kanalean jarraitu ahal izango da esteka honen bidez: https://www.cdbidasoa.eus/eu/en-directo/