BIDASOAK BI PUNTU LORTU ZITUEN HUESCAREN KONTRA

2022/12/04
BIDASOAK BI PUNTU LORTU ZITUEN HUESCAREN KONTRA
Bidasoa Irun 29
25 Bada Huesca

Talde irundarrak 29-25ko markagailuarekin garaitu zuen Bada Huesca neurketa parekatu baten ondotik

Bidasoa Irunek Bada Huescaren kontra irabazi zuen pasa den larunbatean Artalekun jokatutako neurketan. Atzetik hasi baziren ere, atsedenaldira 13ra berdinduta iritsi ziren bi taldeak. Bigarren zatian berriz, Jacobo Cuetararen mutilek euren indarra erakutsi eta aurretik jarri ziren partidu bukerara arte. 29-25ko markagailuarekin, talde bidasotarrak bi puntu gehiago batu ditu sailkapenera.

Hiru jardunaldi jarraian neurketarik irabazi gabe egon ondotik, Bidasoak Bada Huesca garaitu zuen pasa den larunbatean etxean. Bisitaria markagailuan aurreratu zen lehen bost minutuetan, eta horrela jarraitu zuen atsedenaldira arte. Hala ere, etxeko taldeak 10-13ko markagailutik 13-13kora pasatzea lortu zuen eta berdinketa horrekin iritsi zen neurketa atsedenaldira.

Bigarren zatian, Jacobo Cuetararen mutilek indarrez ekin zioten azken 30 minutuei. Lehen bost minutuetan aitzinetik jartzea lortu zuen (16-15) eta horri eutsi egin zioten jardunaldi bukaerara arte. Gol bateko errenta hori hiru golera zabaldu zuten etxekoek, baita bostera ere neurketaren 55. minutuan. Hala ere, azkenean, 29-25ko markagailuarekin amaitu zen jardunaldia Bidasoaren alde.

Horrela, sailkapenean bi puntu gehiago batu zituen Bidasoak Artalekun jokatu zuen bertze neurketa historiko batean. Izan ere, Jakub Skrzyniarz deialditik kanpo geratuta, Xabier Landa irundarrak ordezkatu zuen eta honekin, Plenitude ASOBAL Ligan debuta egin duen bidasotarrik gazteena izan zen.

(Argazkia: Arrate Morales)