BIDASOAK BERTZE BI PUNTU ESKURATU DITU PONTEVEDRAN

2022/11/05
BIDASOAK BERTZE BI PUNTU ESKURATU DITU PONTEVEDRAN
Club Cisne BM 19
28 Bidasoa Irun

Talde irundarrak 19-28 irabazi zion Club Cisneri Plenitude ASOBAL Ligako bederatzigarren jardunaldian

Bidasoa Irunek bertze bi puntu batu zituen atzo gauean Plenitude ASOBAL Ligako sailkapenerako. Talde irundarrak Pontevedran jokatu zuen denboraldiko bederatzigarren jardunaldia eta 19-28ko markagailuarekin irabazi zion bertako Club Cisne taldeari. Asteari bukaera ona emateko, garaipen zabala eskuratu zuten Jacobo Cuetararen mutilek.

Lehen minutuetan parekatuak ibili ziren bi taldeak markagailuan, eta etxeko taldea ere gainetik ibili zen momentu batean (6-4, 8. minutuan). Hala ere, Bidasoak defentsan egindako lanari esker, eta Mehdi atezainaren laguntzarekin, lehen aldiz jarri zen aitzinetik (8-11), 2-7ko partziala egin ondotik. Cisnek, partidaren norabidea galtzen ari zela ikusita, bi hutsarte eskatu zituen, baina bisitariak zazpi goleko hutsunea ireki zuen markagailuan atsedenaldirako (11-18).

Bigarren zatian bide beretik joan zen neurketa. Talde irundarrak defentsan sendo jarraitu zuen eta abantaila handitzea ere lortu zuen. Neurketako errentarik zabalena eskuratu zuen Bidasoak azken minutuetan, hamar golekoa hain zuzen ere (15-25 eta 17-27, 45. eta 50. minutuetan, hurrenez hurren). Hala ere, Cisnek tarte hori bederatzira gutxitu zuen eta azkenean, 19-28ko markagailuarekin bukatu zen norgehiagoka.

Rodrigo Salinas eta Victor Rodriguez gabe, Bidasoak bertze erakustaldi eder bat eman zuen Pontevedran, eta bi puntu gehiago ditu orain sailkapenean. Hurrengo neurketa datorren asteazkenean (azaroak 9) jokatuko dute Jacobo Cuetararen mutilek. Oraingo honetan Errege Kopako partida izanen da, Malagan, Trops Malagaren kontra, arratsaldeko 20:30ean. Hurrengo larunbatean berriz, azaroaren 12an, Plenitude ASOBAL Liga bueltan izanen da Artalekun. Bidasoak Blendio Sinfín jasoko du, arratsaldeko 16:00etan.

(Argazkia: Fernando Largo)