BIDASOAK BERTZE BI PUNTU BATU ZITUEN VALLADOLIDEN
Partidu parekatu baten ondotik, bi golengatik irabaztea lortu zuen Jacobo Cuetararen taldeak Atletico Valladoliden etxean (33-35)
Bidasoak bertze garaipen bat lortu zuen atzo eguerdian Recoletas Atletico Valladolid taldearen kontra. Partidu parekatu eta estu bat izan bazen ere, azkenean irundarrek aurkaria gainditzea lortu zuten, 33-35ko markagailuarekin, eta honenbertzez, bertze bi puntu gehiago poltsikoratu zituzten sailkapenean gehitzeko.
Neurketa hasi eta berehala aitzinetik jarri zen Bidasoa, nahiz eta abantaila minimoa zen. Hamargarren minutuan, 3-4ko markagailua zuten euren alde. Hala ere, Valladolidek ez zuen amore eman eta hogeigarren minutuan lehen aldiz lortu zuen emaitza iraultzea, 9-8koa ezarriz. Gol bakarreko alde horrekin joan ziren gainera, bi taldeak atsedenaldira, 16-15ekoarekin.
Bigarren zatian, Bidasoaren helburu nagusia emaitza iraultzea zen, nahiz eta etxekoek ez zieten erraz jarri hori lortzea. Valladolidek bere alde mantendu zuen markagailua 43. minutura arte. Orduan, talde irundarrak 21eko berdinketa erdietsi zuen. Orduz geroztik, berdinketa ugari izan ziren azken minutuetan, baina bukaera aldera, erasoan ongi ibili zen Irungo taldea eta horregatik beragatik, irabaztea lortu zuten bi goleko aldearengatik (33-35).
Heldu den igandean berriz, Artalekun ariko da taldea, Logroño taldearen kontra, 20:00etatik aitzinera. Laugarren sailkatua da aurkaria eta neurketa garrantzitsua izanen da Bidasoak bigarren postu hori ziurtatzeko.
(Argazkia: Alejandro Nieto)