BIDASOAK BERDINKETAREKIN AMAITU ZUEN CANGASEN AURKA
Bidasoak 25-25ko markagailuarekin amaitu zuen larunbatean Artalekun jokatutako partida
Atzo eguerdian Artalekuk 734 zale bildu zituen Bidasoa eta Frigorificos Morrazoren arteko neurketa ikusteko. Nahiz eta lehenengo zatian Bidasoa nagusi izan eta markagailua bere alde jarri zuen, bigarren zatiko azken minutuetan Cangasekoak erasoan gogor ibili ziren eta berdinketa eskuratu zuten azkenik, 25-25koarekin.
Jacobo Cuetararen mutilak hasieratik beraien indarra erakusten hasi ziren kantxan, eta aldea poliki-poliki zabaltzen hasi ziren galiziarrekin. Iñaki Caveroren zazpi golek Bidasoak defentsa egin zuen lanak eragin handia izan zuten errenta hori lortzeko eta, azkenik, irundarrek atsedenaldira 14-10ko markagailuarekin iritsi ziren.
Bigarren zatian bide beretik jarraitu zuten etxekoek eta bi taldeen arteko alde gehiago zabaltzea ere lortu zuten. Hain zuzen ere, neurketa amaitzeko hamar minutu falta zirenean, Bidasoa zazpi goleko errentarekin menderatzen ari zen Cangas (23-20). Hala ere, eta joaneko partidan gertatu zen antzera, Cangasek azken minutuan, bere gaitasun guztiak kantxan erakutsiz, aldea erabat murriztu zuen eta berdinketa eskuratu zuen norgehiagoka amaitzeko bi minutu eskas geratzen zirenean. Bidasoak azken 60 segundutan gol bat sartu eta garaipena eskuratzeko aukera izan zuen eta lehian ibili ziren hori lortzeko, hala ere zailtasunak izan zituzten eta azkenean ez zuten aukera gauzatu.
Cuetara entrenatzaileak, neurketaren ondoren, jardunaldiaren azken minutuen balorazioa egin zuen prentsaren aurrean: “Oso argi genuen zaila izango zela azken minutura arte indarrez aritzea. Jokalariak aldatu ditugu, baina ezin izan gara ongi iritsi amaierara. Partida zaila izan da asko exijitzen zaituen aurkari baten kontra, era hori azken minutuetan nabaritu da. Nekatuak ginen eta akatsak egin ditugu”. Hala ere, prestatzailea pozik azaldu zen emaitza ez baitzen txarra izan, Bidasoak atzo zituen baldintzak kontuan hartuta: “Ni pozik nago, emaitza ona da. Cangasen aurka berdintzea, taldean bizi dugun egoera ikusita, emaitza ona da”.
(Argazkia: Arrate Morales)