BIDASOAK BARÇA BISITATUKO DU BIGARREN ITZULIKO LEHEN JARDUNALDIAN
Otsailaren 3an emanen diote hasiera Bidasoako jokalariek ASOBAL Ligako bigarren itzuliari
Bidasoak Barça bisitatuko du larunbat honetan, otsailaren 3an, Plenitude ASOBAL Ligako bigarren itzuliari hasiera emateko. 17:00etan izanen dute bi talde hauek hitzordua, Palau Blaugranan, eta Irungo jokalariek sailkapeneko lehen postuan kataluniarrekin berdintzea izanen dute helburu nagusia.
Urtarrileko prestaketak bukatuta, Plenitude ASOBAL Ligako lehia bueltan izanen da asteburu honetan. Bidasoak Barça izanen du lehen aurkaria, Palau Blaugranan, eta kataluniarrekin puntuetan berdintzeko aukera izanen du bertan. Jacobo Cuetarak aipatu duenez, Bidasoarengan “espektatiba handiak daude jarrita”. Lehen itzuliko partida ikusirik, normala da. Irundarrek kataluniarrekin berdindu egin zuten eta orain, ASOBAL Ligan aspaldidanik gertatu ez dena gertatu daiteke, munduko talde onenaren kontra puntuetan berdintzea alegia.
Cuetararen taldea “ilusioz” dago larunbateko erronkari aitzin egiteko. “Ongi entrenatu dugu, baina lehiatu”, erran du entrenatzaileak. Hala ere, “sentsazioak onak” dituztela gaineratu du eta taldea “gogoz” dagoela. Zenbait baja ere izanen ditu Bidasoak larunbaterako eta prestatzaileak azaldu duenez, “23 urtez azpiko zazpi jokalariekin” joanen dira Bartzelonara. Honen aitzinean, taldea “lehiatzera” joanen dela argi du Cuetarak, “ilusioz eta lotsarik gabe”. “Gure partidua egin behar dugu eta ongi egiten duguna ongi egin, aurkaria zein den eta nolakoa den ahaztuta”, gaineratu du.
(Argazkia: Arrate Morales)