Bidasoak azken minutuan lortu zuen Anaitasuna garaitzea

2024/12/09
Talde irundarrak gol bakarragatik irabazi zuen Iruñean atzo arratsaldean. 28-29ko markagailua erdietsi zuen Helvetia Anaitasunaren kontra eta bi puntu garrantzitsu ekarri zituen bueltan etxera.
Bidasoak azken minutuan lortu zuen Anaitasuna garaitzea
Helvetia Anaitasuna 28
29 Bidasoa Irun

Bidasoa Irunek gol bakarragatik irabazi zion atzo Helvetia Anaitasunari, 28-29ko markagailuarekin hain zuzen ere. Azken minutuan erabaki zen garaipen garrantzitsua da talde irundarrak lortutako, sailkapenean gora egiteko helburua lortzeko, baita Espainiako Koparako sailkapena ere. 

Neurketa hasi baino lehen bi taldeek ere bazekiten derbi parekatua izanen zela, historikoak zioen bezala. Anaitasuna, lehen minututik, indarrez sartu zen erasoan eta Bidasoak egindako akatsekin batera, 4-0eko emaitza ezarri zuten iruindarrek segidan. Alex Mozasek hutsartea eskatu zuen orduan, partidua berriz ere bideratzeko asmotan eta bi golera hurbiltzea lortu zuen talde horiak. Edonola ere, etxekoek beraien nagusitasunarekin segitu zuten lanean eta markagailua euren alde mantentzea lortu zuten. Bidasoaren defentsa, minutuak pasatu ahala, hobera joan zen eta lehen berdinketa ere ailegatu zen ia hogeigarren minutuan (8-8). Azken hamar minutuan, 12-8ko markagailua erdietsi zuen berriro ere talde iruindarrak, baina Mozase mutilek ez zuten amore eman eta 12nakoa jarri zuten atsedenaldirako. 

Bigarren zatiaren hasieran, bidasotarrak indarberrituta kantxaratu ziren eta lehen aldiz jarri ziren aitzinetik, 12-13koarekin, Rodrigo Salinasen golari esker. Abantaila ere handitu zuen Bidasoak, 15-18koa ezarriz 40. minutuan. Hala ere, Anaitasunak argi utzi zuen partidua bereganatu nahi zuela eta berriz ere hurbildu zen emaitza, 25-26koa ipiniz. Hau izan zen azken minutuetako eskema. Bi taldeak berdinduta ailegatu ziren neurketa bukatzeko 25 segundu falta zirenean (28-28). Quique Dominguezek orduan, hutsartea eskatu zuen neurketaren erritmoa gelditzeko asmoz, baina Bidasoako defentsa ezin hobe aritu zen eta Anaitasunaren azken jokaldia gelditzeko gai izan zen. Hori gutti balitz, talde irundarrak azken jokaldian gola sartu eta 28-29koa ezarri zuen behin-betiko, jardunaldiko puntuak ere   poltsikoratuz. 

Honen ondotik, urte bukatu arte hiru jardunaldi gelditzen zaizkio soilik Bidasoari. Hurrengo neurketa Artalekun jokatuko da, Recoletas Atletico Valladoliden kontra, ortzirale honetan (abenduaren 13an), 20:45ean.