BIDASOAK AURREZ AURRE IZANGO DU GAUR FÜCHSE BERLIN
Bidasoa gaur arituko da Füchse Berlin taldearen aurka arratsaldeko 18:45ean
Irundarrek EHF European Leagueko zortzigarren jardunaldia jokatuko dute gaur Füchse Berlin taldearen aurka, Berlingo Max-Schmeling-Halle kantxan. Neurketa arratsaldeko 18:45ean izango da, eta zuzenean eskainiko dute ETB4, DAZN eta EHF TV kanaletan.
Bidasoak atzo arratsaldean bidaiatu zuen Berlinera, eta oraingo honetan ere lesioengatik baldintzatuak joan ziren. Azkue, Salinas eta Fernandezen bajez gain, Kauldi Odriozola ere gehitu zaie azken orduetan, eta zumaiarrak ezin izan du taldearekin bidaiatu. Hala ere, Julen Aginagalde berreskuratu dute eta, irundarrarekin batera, harrobiko jokalariekin osatutako taldea izango da gaur Füchse Berlinen aurrean.
Gauzak horrela, Jacobo Cuetarak atzoko prentsaurrekoan aurreratu zuen moduan, “berriz ere baldintzatuak joango gara Berlinera. Gazteekin egingo dugu deialdia eta ildo beretik jarraituko dugu. Gure helburua hurrengo neurketak prestatzea izango da. Bartzelonan estutu genuen aukerak genituela sinetsi genuelako, baina oraingoan hurrengo neurketetan pentsatu behar dugu”.
Gazteek gaurko partiduan izango duten garrantzia ere azpimarratu nahi izan zuen Cuetarak: “Gazteek lan karga handiagoa izango dute Berlinen, baina partida hau esperientzia moduan hartuko dugu. Jokalari askok ez dute munduko talde hobenetariko baten aurka jokatzeko aukerarik”. Izan ere, Füchse Berlin, faboritoetako bat da eta Alemaniako ligako laugarren postuan dago. Hau guztia kontuan hartuta, prestatzaileak “oso konplikatua” izango dela onartu zuen. “Guk esperientzia bizituko dugu. Bertan egoteaz disfrutatuko dugu eta saiatuko gara ahalik eta lehiakorrenak izaten”, gaineratu zuen.