BIDASOAK ASOBAL LIGAKO HELBURUEI EUTSIKO DIO IGANDEAN

2023/03/31
BIDASOAK ASOBAL LIGAKO HELBURUEI EUTSIKO DIO IGANDEAN

Talde irundarrak BM Logroño La Rioja taldea jasoko du igandean (18:30) Artalekun

Bidasoak, Europako ametsari agur erranda, Plenitude ASOBAL Ligako helburuei eutsi beharko dio orain. Gero eta neurketa gutxiago gelditzen dira denboraldia bukatzeko, eta hemendik aitzinera, partidu guztiak final baten gisakoak izanen dira talde irundarrarentzat. Horrelakoa izanen da igande honetakoa ere. Izan ere, Jacobo Cuetararen mutilek BM Logroño La Rioja bere aurkari zuzenaren kontra jokatuko dute orduan Artalekun (18:30).

Jacobo Cuetarak hemendik aitzinerako partidu guztiak “finalak” izanen direla onartu du gaur goizeko prentsaurrekoan. Sailkapenean, alde gutxi dago taldeen artean eta “huts egiteko tarte gutxi” dagoela ere azpimarratu du entrenatzaileak. Hala ere, Bidasoa konfiantzarekin dago, azken aldian lortu dituen emaitza onak direla eta: “Entrenatzaile batek beti nahi du gehiago, baina taldeak momentu onean dagoela sentitzen du. Konfiantzarekin gaude eta espero dugu azken aldian izan ditugun emaitza onak pilatzen segitzea. Pozik nago taldearen egoerarekin”.

Logroñoren inguruan, “erasoan ongi jokatzen” ari dela adierazi du, “pibotean joko aunitz egiten eta desoreka bilatzen bat baten kontrako ekintzetan”. Azken aldian, errioxarrek baja aunitz izan dituztela ere argitu du prestatzaileak, baina “hori aprobetxatu dutela defentsan aldaketak egiteko”. Aldaketa horiek ongi funtzionatu dute taldean eta “erritmo ona” dutela ikusi da.

Honen aitzinean, Bidasoak bere onena erakutsi beharko du etxeko kantxan. Zaleen babesa izanen dute bertze behin, eta horrek ere partiduaren bilakaeran eta emaitzan eragina izanen duela eztabaidaezina da.