BIDASOAK ANAITASUNA BISITATUKO DU BIHAR

2023/04/04
BIDASOAK ANAITASUNA BISITATUKO DU BIHAR

Bi taldeek derbi bizia jokatuko dute Iruñean bi hirietako zaleen aitzinean

Bidasoa maila ona erakusten ari da azken partiduetan eta horrela segitu nahiko du bihar ere. Anaitasunaren kontrako derbia jokatzea egokitzen zaio talde irundarrari eta, Iruñeako kantxaren zailtasuna kontuan hartuta, ahalik eta puntu gehien batzeko helburuarekin bidaiatuko dute.

Pasa den igandeko garaipenarekin pozik dago Bidasoa. “Neurketa konpletoa” izan zela ondorioztatu du Jacobo Cuetara entrenatzaileak, eta “maila ona” eman zutela. Horrela segitu beharko du taldeak bihar ere. Hain zuzen ere, apirilaren 5ean, Anaitasunaren kontrako derbia jokatzea egokitzen zaio eta honi aurre egiteko indarra beharrezkoa izanen dute irundarrek.

Prestatzaileak aipatu duen moduan, Anaitasunak “azken aldian partidu oso parekatuak jokatu ditu eta puntu aunitz galdu ditu horietan”. Denboraldiko azken hereneko neurketak zailak izaten direla argitu du. Izan ere, puntuetan oso parekatuak egoten dira taldeak eta edozein emaitzak sailkapena guztiz alda dezake.

Bidasoak datorren denboraldiko Europako postuengatik borrokan ibiliko da azken jardunaldietan eta hori izanen da biharko helburua ere. Puntuak batzen segitu behar du taldeak, baina bihar kantxa zaila izanen dela ere argi du Cuetarak: “Anaitasunan oso parekatuak izaten dira neurketak, neke handia eragiten dutenak. Aunitzetan, partidua iraultzen ibili behar zara azken minutuetan. Partidu oso zailak izaten dira. Derbi bat da eta kantxa oso zaila da”.

Hala ere, Dariel berreskuratuta, Bidasoak mailarik onena emanen du Iruñean, eta horrela, bi taldeetako zaleek gozatu ederra hartzeko aukera izanen dute bihar, 21:30etik aitzinera.

(Argazkia: Arrate Morales)