BIDASOAK AGUR ESAN DIO ERREGE KOPARI
Granollersek 36-37ko markagailuarekin menderatu ditu irundarrak Errege Kopako final laurdenetan
Bidasoak gaur eguerdian jokatu du Granollers taldearen aurka Errege Kopako final laurdena, eta porrotarekin amaitu dute jardunaldia. Luzapenean erabaki da aurkariaren alde neurketa eta irundarrak azken fasetik kanpo geratu dira azkenean.
Partidaren lehen partzialean, Bidasoa aurretik jarri da, 3-1eko markagailuarekin. Hala ere, errenta horrek ez du askorik iraun. Granollersek segidan irauli du emaitza eta neurketa kontrolpean edukitzea lortu du. Hortik aurrera, nagusi izan dira norgehiagokan eta aurretik ibili dira lehen zati osoan.
Bigarren zatia 14-17koarekin hasi dute eta hiru goleko errenta hori mantenduz segitu dute hurrengo minutuetan ere. 45. minutuan gainera, lau goleko aldea ireki dute bi taldeen artean, 21-25ekoa ezarriz. Bidasoak orduan, honi aurre egiten saiatu da eta Adrian Fernandez, Xoan Ledo eta Ander Ugarteren golei esker, 29-29ko berdinketa lortu dute neurketaren azken minutuetarako. Victor Rodriguez, Rodrigo Salinas eta Iñaki Caverok ere beraien lana burutu dute eta gol bana sartuta, partiduaren amaierarako 33-33eko markagailua ipini dute.
Partida beraz, luzapenean erabaki da. Denbora gehigarri honen atsedenaldian gainera, berdinduta jarraitu dute bi taldeak, 35na oraingoan. Azkenik, Granollersek gola sartu eta 36-37koarekin garaipena eskuratu du, bihar jokatuko diren finalerdietarako txartela lortuz.
(Argazkia: J.L. Recio)